GARA > Idatzia > > Kirolak

KAYAK SURF

Edu Etxeberriak garaipena lortu du Munduko Kopan

Gipuzkoarra David Spellerri gailendu zitzaion Estatu frantsesean lehiatutako proban. Kristina Ferrerrek ere meritu handiko hirugarren postua eskuratu zuen

GARA | BILBO

Joan den astean Oleron uhartean (Estatu frantsesa) jokatutako Kayak Surfeko Munduko Koparen garaile izan zen Edu Etxeberria. Gipuzkoarrak maila bikaina erakutsi zuen planeta osoko 24 piraguista onenen aurrean. Guztiek euren sailkatze txartela aurretik AEBetan, Ingalaterran, Portugalen eta Mundakan lehiatutako probetan lortu zuten.

Txapelketa irailaren 15ean hasi zen, metro bat baino gutxiagoko olatuekin. Hurrengo egunean, egoerak ez zuen hobera egin eta olatu falta dela-eta, antolatzaileek gauzak aldatu bitartean probak bertan behera uztea erabaki zuten.

Hala, lehiaketa ez zen larunbatera arte, hilak 20, berriz abiarazi. Olatu gehiago egonik ere, zeudenak nekez ailegatzen ziren bi metrotara eta ondo taxutu gabeak ziren kasu gehienetan.

Edu Etxeberriak horri guztiari aurre egin zion eta sailkatzeko proba guztiak gainditu zituen. Euskal selekzioko partaideak, Sam Davenport ingelesari aurre egin zion finalerdietan. Garaipena lortu ostean, final handian Jerseyko David Speller menderatu zuen. Itzela, gipuzkoarrak eta Kayak Surfeko euskal selekzioak lortutako arrakasta.

Beste euskal ordezkarien artean, aipatzekoa da Kristina Ferrerrek lortutako hirugarren postua eta Xabier Olanoren bosgarrena. Azken honek, probako faborito nagusietako bat menderatu zuen final zortzirenetan, Watson ingelesa, baina hurrengo kanporaketan amore eman behar izan zuen Edu Etxeberria geldiezinaren aurka. Hauekin batera, Libe Lafuente, Ibon Agirrezabala, Oskar Martinez eta Ainhoa Tolosa izan ziren euskal selekzioko beste lau piraguistak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo