Filgi Claverie Maitaldiko zuzendaritza artistikoa uztera behartu dute
GARA | BIARRITZ
Inoizko Maitaldirik arrakastatsuenetakoa antolatu eta gero, Filgi Claveriek jaialdiaren zuzendaritza artistikoa utzi beharko du. Biarritzeko dantza jaialdiaren programazioaren ardura uztera behartua izan dela esan zuen Claveriek astelehenean, Maitaldiaren balorazio egiteko eskainitako prentsaurrekoan.
Sarreren salmenta %12 areagotu da aurtengo XVIII. edizioan, eta balorazio ona egin zuten. Filgi Claveriek Jarraian adierazi zuen bere ardura uztera «behartua» izan zela. Jaialdia hasi baino lehen hartutako erabakia da. Hamar egun barru beste prentsaurreko bat emango du elkarteak Claverieren irteeraren arrazoiak azaltzeko eta zuzendari berria aurkezteko. Ordura arte beste adierazpenik ez duela eginen esan du zuzendari ohiak.
Arrazoiak argitu ez baldin badira ere, erabakia goi mailatik etorri dela ageri da. Arrazoiak Claverieren abertzaletasuna, eta Dantzaz Elkartearen sorkuntzaren ondorioz, Ballet Biarritzeko Thierry Malandainekin izandako arazoak izan litezke.