GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Azken atxiloketek haserrea areagotu dute Donibane Garaziko eskualdean

Jendarmeak eta poliziak astelehenean Nafarroa Behereko hainbat herritan atxilotutako sei pertsonak aske geratu ziren. Seigarren atxilotua zein den ez zen ezagutu libro geratu zen arte. Maurice Arretxe, Hazparneko apaiza dena. Guztiak inolako kargurik gabe itzuli ziren etxera. Oraindik ez dago argi operazioa nork agindu zuen, ezta atxilotuei zehazki zerbait egozten zietenik ere. Atxiloketok, sekulako haserrea sortu dute herritar eta lekuko hautetsi askorengan.

p014_f01_199x140.jpg

A. MANTEROLA |

Astelehen gauean, azken orduan, aske utzi zituzten goizean hasitako polizia-operazioaren ondorioz Jendarmerian jarraitzen zuten hiru herritarrak. Finantza aferez arduratzen den OCRGDFko eta SDAT zerbitzu antiterroristako poliziez lagunduta, jendarmeek Arño Harispuru, Alfred Uhart, Xantal Zanponi, Jean-Marie Irigoin, Gerard Ihidoy, eta Maurice Arretxe Hazparneko apaiza atxilo eraman zituzten.

Hiru lehenak, banaka-banaka, aske geratu ziren arratsalderako eta beste hirurak, berriz, gau aldera. Maurice Arretxeren identitatea ez zen ezagutu ahal izan libro utzi zuten arte. Guztiak kargurik gabe itzuli ziren beren etxeetara.

Operazioaren zergatien inguruan, nahasmena nagusi zen atzo ere. Zehazki nork agindu zuen ez zen argi. Iturri batzuen arabera, Parisko Laurence Le Vert epailearen eskutik egindako operazioa izan zen, eta beste batzuentzat, berriz, OCRGDFk zuzendutakoa zen.

Hainbat agentziek «ostatu eta tabernen bidez, euskal mugimendu independentistaren finantziazio bideen» ikerketaren baitan kokatzen zuten bitartean, beste batzuek, berriz, turismo-guneen aurka izandako atentatuekin lotzen zuten.

«Bigarren kapitulua»

Askatasunak berak adierazi zuenez, nahiko argi zegoen gauza bakarra, orain urtebete Donibane Garaziko Kalaka ostatuaren kontra hasitako polizia-operazioaren «bigarren kapitulua» izan zela astelehenekoa.

Atxiloketak zirrara handia eragin zuten atxilotuen herrietan, batez ere horietako batzuen adina ikusita. Haserrearen lekuko izan ziren arratsean bertan, Lartzabalen eta Donibane Garazin izandako mobilizazio jendetsuak. Bertan, gainera, herriko etxeetako hautetsi ugarik parte hartu zuten. Hain zuzen ere, atxilotuetako bat, Gerard Ihidoy, zinegotzia da Uharte Garaziko Udalean.

Gaby Camou bertako auzapezak GARAri adierazi zionez, goizetik jakin zuen ez ziotela «ezer larririk» egozten bere udaleko hautetsiari: «Jendarmeriarekin hitz egitea lortu nuen eta han ziurtatu zidaten ez zela gauza larri handirik. Bere emazteari deitu nion lasaitzeko, gizalegez nire eginbeharra baita». Jendarmeek esan zioten, galdeketak Ezterenzubin duen etxearekin zerikusia zuela: «Etxe hori, nonbait, iazko operazioan atxilotua izan zen pertsona bati alokatua zuen».

Jean-Mixel Galant, Garazi-Baigorri Herri elkargoaren presidente, eta Azkarateko auzapezaren iritziz, «jokamolde horiek ezin dira onartu». Erabat «harrituta» zegoela azaldu zuen: «Ez da horrelakoa gertatzen den lehen aldia, Euskal Herrian antzekoak askotan ikusi baititugu. Baina, ene ustez, ezin dugu manera horietara usatu».

Galanteren iritziz, epaileek edo jendarmeek jendea galdekatu nahi badute, «goizeko ordu txikietan beren etxera atxilotzera joan ordez, aski dute polizia-etxera deitzearekin».

GALDEketa

Atzo argitu zenez, kulturan, euskaran edota beste jarduera militanteetan dabiltzan pertsonei buruzko galderak egin zizkieten atxilotutakoei, baita inguru abertzaleetan ibili ohi den jendeari buruz ere.

Lekuko hautetsi askok Kalaka aferako desmasiak salatu dituzte

Garazi-Baigorriko Herri elkargoan dauden ia 40 hautetsik gutuna igorri diote epaileari Kalaka aferaren dela-eta preso segitzen duten lau herritarren askatasuna eskatzeko. Horietako 30ek espresuki dei egin zuten joan den larunbateko manifestazioan parte hartzera.

«Gure lurraldeko lau gazteen eta beren familien egoeraren larritasunak bultzatuta, Herri elkargoaren azken bilkuran gaia mahai gainean jarri nuen» esan zuen Jean-Mixel Galantek. «Urtebete igaro eta gero, oraindik, inolako epaiketarik gabe, preso edukitzea ezinezkoa eta onartezina da». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo