Objektu hutsaletan gordetako bizitza azaleratzen da «Cosas insignificantes» filmean
GARA | DONOSTIA
Atzo Mexikon eta Estatu espainiarrean errodatutako «Cosas insignificantes» pelikula aurkeztu zuten Zabaltegin. Zuzendari berriei ematen zaien saria eskura dezake Andrea Martinez Crowtherrek Esmeralda nerabe umezurtzari buruzko filmarekin. Neska gazte honek amona eta arreba txikia mantentzeko lan egin behar du. Zaletasun bat dauka: kalean aurkitzen dituen objektuak biltzen ditu egurrezko kaxa batean, ohatze azpian. Ezagutzen ez duen jendeak ahaztutako, galdutako edo botatako gauzak dira.
Kutxa honetako hiru objekturen inguruko istorioa kontatzen du Martinezek. Telefono zenbaki bat idatzita daukan papera, paperarekin egindako itsas zaldi baten irudia eta koloreztatutako kartoizko gezia dira. Horien gibelean dagoena ezagutzen joaten da Esmeralda. Gauza horien jabeek ezintasun bera daukate: ez dira gai gehien maite dutenarekin bat egiteko. Kaxaren beraren istorioa ere bada pelikula. Esmeraldak irekitzen, sentitzen eta, garrantzitsuena, pertsonen arteko harremanak gordetzen ikasten du.
Atzo Andrea Martinezek agertu zuenez, elkarrekin gurutzatzen diren istorioak dira, gertakari mingarriek markatutakoak, baina, hala eta guztiz ere, esperantzarako leihoa irekita dutenak. Zuzendari mexikarraren ustez, horregatik merezi izan du, hain zuzen ere kontatzeak, itxaropena dagoelako. Pertsonaiak jende arrunta dira, ona, Mexiko Hirian bizi direnak, aberatsak eta pobreak. Paulina Gaitan, Barbara Mori, Fernando Lujan, Blanca Guerra, Carmelo Gomez eta Lucia Jimenez aktoreek interpretatzen dituzte.
Zazpi urte eman zituen Martinezek testua lantzen. Sundanceko Gidoi Lantegietan bukatu zuen, eta aldaketak egin zituen bertan.