Harri-jasotze apustua
Gaztetasunak eta freskotasunak mendean hartu du eskarmentua
Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo Tolosako zezen-plazan jokatu zen apustu handia. Iragarpenak bete egin ziren, eta zaleek ez zuten hutsik egin, 3.500 ikusle inguru hurbildu baitziren desafioa ikusteko asmoarekin. Bi kirolariek, berriz, sekulako lana egin zuten. Lehen bi txandetan berdinduta amaitu zuten, baina azkenekoan aiarrak ezin izan zion jarraitu errezildarrak jarritako erritmoari, eta amaieran, zazpi jasoalditako aldea kendu zion gazteak beteranoari.
Jon LEUNDA | TOLOSA
Aimar Irigoienek mendean hartu zuen atzo Tolosan Izeta II.a, apustu bikain bezain gogoangarri batetan. Zezen-plazara joan ziren 3.500 ikusle inguru ez dira damu izango, bi kirolari handiren lana izan baitzuten ikusgai, eta bietako inork ez baitzuen huts egin.
137,5 kiloko harri kubikoa erabili behar izan zuen kirolari bakoitzak. Horretarako hamar minutuko hiru txanda zituzten, eta alde bakoitzak 20.000 euro jokatu zituen dirutan. Apustuak, berriz, 100-60 Aimarren alde atera ziren, eta ez ziren aldatu. Nahiz eta gauzak amaierara bitarte estu joan ziren, errezildararren aldeko joera ez zen batere aldatu, eta saioan zehar ez zen diru gehiegirik jokatu.
Apustua hasi aurretik egindako zozketan, Izetak irabazi zuenez, atzetik lanean aritzea aukeratu zuen, eta horrelaxe egin zuen. Lehenengo Aimar aritu zen lanean, eta, gero, aiarra.
Dena aurreikusita
Kirolari bakoitzak aurretik garbi zeukan zer egin behar zuen, eta ustekabeko ezer ez zuten egin. Aurretik zekiten txanda bakoitzean zenbat jaso, eta baita nola egin ere, eta horrelaxe egin zuten. Aimarrek bi jasoaldi jarraian eman eta tarte bat hartu zuen atsedenerako. Izeta II.ak, aldiz, jasoaldiak banaka egiten zituen, bat jaso, eta atseden hartu alegia.
Errezildarra plazaratu zen lehenbizi, bere jarraitzaileen txalo artean. Telleria I.a eta Telleria II.a izan zituen alboan. Aita erlojuarekin, eta semea harriarekin laguntzen. Lehen minutuan lau jasoaldi egin zituen; bigarrengoan, beste lau; hirugarrenean, beste lau; laugarrenean, hiru; bosgarrenean, hiru; seigarrenen, lau; zazpigarrenean, lau; zortzigarrenean, hiru, bederatzigarrenean, lau eta azkenekoan, bost. Normala den moduan, biek azken minutuan jotzen zuten gehien.
Izetak beste era bateko lana egin zuen, eta horregatik, segundo batzuk atzetik jarri zen, baina jasoaldietan parekatuta ibili ziren. Lehen minutuan lau egin zituen; bigarrenean, lau; hirugarrenean, hiru; laugarrenean, lau; bosgarrenean, hiru, seigarrenean, lau; zazpigarrenean, hiru; zortzigarrenean, lau, bederatzigarrenean, lau, eta azkenekoan bost.
Aldaketarik gabe
Lehen txandaren amaieran errezildarrak freskoago amaitu zuela ematen zuen, baina bigarren txandan ez zen inongo aldaketarik izan. Bi kirolariek antzera jaso zuten, jasoaldi bakoitza ia denbora berean egin zuten, eta amaieran ere parean, bakoitzak 38na jasoaldi egin baitzituen. Kirolari bakoitzari txanda bakarra geratzen zitzaion, eta dena erabakitzeke zegoen.
Berdin egote honek errezildarrari abantaila eman zion, izan ere, amaieran berdinduta amaitzen bazuten, Irigoienek lortuko baitzuen garaipena. Horrela erabakita zegoen. Berdinketa izanez gero, aurretik lanean aritzen zenak lortuko zuen garaipena.
Aimarrek gogor ekin zion, eta lehen txandako antzeko denboran egin zituen jasoaldiak, ez zegoen alde handiegirik, segundo bat goitik behetik, aurreko bien moduan ari zen lanean. Denak azken minutuaren zain zeuden, garbi baitzegoen errezildarrak gogor joko zuela ahalik eta gehien jasotzeko. Azken minutuan sei jasoaldi egin zituen, eta 39tan utzi zuen.
Gauza zailak
Izeta II.ari gauzak zail jarri zitzaizkion, 40 jasoaldi egin behar baitzituen. Aiarra ahalegindu zen, baina berehala ikusi zen ez zuela aurkariaren marka hobetuko. Hirugarren minutua bete orduko, bi jasoaldi atzetik zihoan, eta zazpigarrenean, berriz, hiru atzetik. Azken minutuan ahalegindu zen, baina 32.a ustela izan zen, atzoko bakarra, eta hurrengo ahaleginean jaso baldin bazuen ere, hortxe geratu zen, 32an, eta galdu egin zuen apustua.
Hortik aurrera, dena hunkigarria izan zen. Izetak amaitu bezain laster, Irigoien sartu zen plazan, eta elkarri besarkada handi bezain sakona eman zioten. Biak hunkituta zeuden eta ez zen gutxiagotarako. Aimar, umetan, asko ibilitakoa da Joxerramonekin, haren entrenatzailea ere izan zen. Errezildarrak lehenbiziko marka handiak egin zituenean aiarra izan zuen alboan, eta atzo, amaieran, sentimendu horiek guztiak azaleratu egin ziren, bientzat une oso polita izan baitzen. Hala ere, are politagoa izan zen errezildarrarentzat, garaipena erdietsi zuelako.
Tolosako zezen-plaza ia bete zuten zaleek ere txalo artean agurtu zituzten bi kirolariak, egindako lana eskertzen jakin baitzuten. Gainera, horixe izan zen Izetaren azkeneko apustua, berak garbi utzi baitzuen besterik ez duela jokatuko.
Aimarrena, berriz, ikusi egin behar. Tamaina horretako harriekin beste guztiak baino hobea da, eta oso zaila izango da beste inork bere aurka jokatu nahi izatea, ez behintzat pisu bereko harriekin.
Sufrimenduaren ostean, berriz, gozatzeko tenorea heldu zen. Aimarrek jarraitzaile asko izan zituen harmailetan, gazte koadrila handia agertu zen pankarta eta guzti, eta arratsaldean bazkari handia zuten zain. Izetak ere bere erara ospatu zuen. Galdu egin zuen, baina lan handia eginda, eta, gainera, berarekin ordu asko pasatakoaren aurka, eta horrek, nolabait, baretu egin zion atzoko tristura.
Aimar Irigoien pozez gainezka zegoen saioaren amaieran. Apustua irabazten zuen estreinako aldia zen: «Kirol honek egun handi asko eman dizkit lehen ere, baina gaurkoa izango da ederrena», adierazi zuen errezildarrak kazetarien aurrean.
Etxean egiten zuen lana egin zuela onartu zuen: «Gutxi gorabehera, horixe egin dut. 40 jasoaldi egin nahi nituen azkeneko txandan, baina ezin izan dut. Gainerakoa berdin izan da. Bigarrenean 37 egitea pentsatuta etorri gara, baina bat gehiago jaso dut hor. Egindakoarekin oso gustura nago», esan zuen.
Lan handia egin arren, ez omen zuen bukaera bitarte irabazita ikusi: «Banekien lan handia egin nuela, baina Izeta sekulako harri-jasotzailea da eta edozer gerta zitekeela uste nuen. Bera azkeneko minutuan sartu denean, eta ustel bat egin duela jakin dudanean, orduan ikusi dut apustua irabazita», aitortu zuen.
Izan ere, lanak amaituta egon arren, aurkariaren azkeneko txanda ere ez zuen ikusi: «Ez dut ikusi nahi izan, bestela oso urduri jarriko nintzen, eta nahiago izan dut aldageletan egon», onartu zuen.
Izetaren aurpegia ez zen Aimarrena bezalakoa: «Egindakoarekin gustura nago. Lan handia egin dut, baina Aimarrek sekulakoa egin du, eta haren aurka ez dago ezer egiterik. Galduta ere lan ona eginez gero, gustura geratuko nintzela esan nuen, eta horixe gertatu da», esan zuen aiarrak.
Ondoren errezildarrari buruzko hitz onak esan zituen: «Garbi geratu da, Aimar dela gaur egun onena, eta ni ausartu egin naiz bere aurka jokatzera. Uste dut beste inork ez duela bere aurka jokatuko, alde handia dagoelako», onartu zuen: «Bere aurka jokatzea ere polita izan da niretzat. Bera umetan nirekin asko ibili zen, bere estreinako marketan ere nirekin zebilen, eta orain bere aurka jokatu dut. Orduan ikusten nuen ona izango zela, baina gaur erakutsi du besteen gainetik dagoela», erantsi zuen Aiako kirolariak.
Azkenik, harmailetako giroa ere aipatu zuen: «Garbi geratu da horrelako ekintzak beharrezkoak direla herri kirolak indartzeko. Sekulako jendetza etorri da, eta biok lan handia egin dugula uste dut. Horrelakoak behar-beharrezkoak dira kirol hau indartzen joateko», esanda amaitu zuen jarduna.