GARA > Idatzia > > Kultura

Aniztasun handiarekin heldu da Biarritzeko Jaialdiaren 17. edizioa

Gaur hasiko den Biarritzeko Zine Jaialdiak Latinoamerikako zortzi herrialdetako filmak eskainiko ditu. Hamazazpigarren edizioak aniztasuna du ezaugarri nagusi, bai hainbat generoko filmengatik, baita errealizadoreen artean dagoen adin eta estilo ugaritasunarengatik ere. Nabarmena da aurtengo edizioan emakumeen tokia, hiru zuzendari emakumezkoek egindako filmak sartu baitira film luzeen sail ofizialean eta bost dokumentalen atalean.

p041_f01_153x144.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

Latinoamerikako zinema eta kulturen Biarritzeko Jaialdiaren 17. edizioa arrakastaren izarra gainean duela hasiko da. Jaialdiko zuzendari berria den Jean-Marie Dupontek argiki adierazi zuen, urtero, gero eta ikuslego gehiago hurbiltzen dela eta komunikabideen jarraipena ere handituz doala.

Gaur bertan hasiko den jaialdiak, jadanik, jendearen etorrera konfirmatua du. Jaialdia irekiko duen «Cyrano Fernandez» filma ikusteko sarrerak agortu egin dira. Bestalde, lizeo eta ikastetxeetatik jaialdira joateko izena eman dutenen kopuruak gora egin du.

Talde berritua estreinatuko du jaialdiak, zuzendariaz gain, dokumentalen programazioaz arduratzen den Jean-Louis Berdot ere lehen aldiz arituko da. Berria zaharrarekin elkartuz, Biarritzen azken hamar urteetan saria irabazi duten dokumentalen atzera begirako bat eginen da aurten.

Dokumentalen saria asko handituko da edizio honetan, saila hartzen ari den garrantziari jarraituz. Izan ere hamahiru lan besterik aukeratu ez badira ere, 170 hautagaitza jaso dira. Gaurtik aurrera ikustekoa izanen bada ere, Marc Bonduel mandatari orokorraren esanetan «ikusgarrienak emakumeek egindakoak dira».

Emakumeak gora

Besteren artean, Luciana Burlamaquik bizitza oso gogorraren kontakizuna egin du «Entre a luz e a sombra» filman. Lucia Gaja mexikarrak AEBetan bizi duten tristezia kontatu du «Mi vida dentro» lanean. Txiapaseko uholdeen berri ematen du Julie Moralesek «Tierra bajo agua»n.

Joan den urtean dokumentalen lehen saria irabazi zuen Maiana Bidegain euskalduna golardoari esker mundu osoan zehar ibili da «Secretos de lucha» bere lanarekin.

Aurtengo epaimahaiaren presidentea Elsa Zulberstein antzezlea izanen da. Berarekin «Pablo Nerudaren postaria» idatzi zuen Antonio Skarmenta eta Amelie Poulainen nondik norakoak asmatu zituen Guillaume Laurant gidoilaria egongo dira. Safy Nebbou aktorea, Noelle Deschmps eta Jean-Claude Lamyk osatuko dute epaimahaia.

Zortzi herrialdeko filmak izanen dira ikusgai sail ofizialean. Jaialdiari hasiera emango diona nazioartean interes handia sortu duen «Cyrano Fernandez» izanen da. Alberto Arveloren film honek Cyrano de Bergeracen istorio garaikidea kontatzen du, Venezuelako auzo arriskutsu batean.

Brasildik Walter Lima Junior zuzendari gaztearen «Os desafinados» izanen da. «Dioses», Josue Mendezen bigarren filmak interes handia piztu du aurreko lanak nazioartean lortu zuen arrakastaren ondoren.

Zinea eta musika

Joan den urtean egin zen lehen aldiz zuzeneko musika eta zinea elkartzeko saiakera. Eta izan zuen arrakastaren ondoren, ekimena berriro abian jartzea erabaki dute antolatzaileek. Aurten ideia berri batekin heldu dira ostera ere, izan ere dokumental batek eskainiko ditu imajinak eta Baiona-Euskal Kostaldea orkestrak jarriko du musika.

Argentinatik Estatu Batuetara egindako bidaian ateratako imajinak agertuko dira pantailan, eta musika Santiago Chotsourian argentinarrak emanaldi honetarako bereziki konposatutakoa izanen da.

Lehiaketatik kanpo zinema uruguaiarraren panorama eskainiko da. Herrialde latinoamerikarrean 2000. eta 2003. urteeak bitarte egindako bost film aurkeztuko dira.

Beste urteetan ez bezala, aurten bi erakusketa antolatu dira jaialdia kari. Lehena Martin Chambi Peruko argazkilari amerindiarrak egindako obrekin osatuko da. Bigarrenean, film frantsesak aurkezteko Argentinan egin diren afixa zaharrak erakutsiko dira.

Literatura-topaketak, hitzaldiak eta eztabaidak ere izanen dira hainbat gai tratatuz.

Fitxa

Tokia: Kasinoan, Gare du Midin eta Le Royal zine aretoan. Erakusketak mediatekan eta Santa Eugenia kriptan.

Data: Gaurtik urriaren 5era.

Web orrialdea: www.festivaldebiarritz.com

DOKUMENTALAK

Dokumentalen saria asko handituko da edizio honetan, saila hartzen ari den garrantziari jarraituz. Izan ere, parte hartzeko hamahiru lan besterik aukeratu ez badira ere, 170 hautagaitza jaso dira aurten.

Ana Diez tuterarra sail ofizialean izanen da Uruguaiko «Paisito»rekin

Nazioarte mailan lan handia egiten ari den Ana Diez zuzendari eta gidoigilea ate handitik helduko da oraingoan Ipar Euskal Herrira. Bere «Paisito»tik lehen aldiz ateratzen den Xabiren istorioarekin zuzendari nafarra Biarritzeko jaialdiko sail ofizialean sartu baita. Filma Uruguaien gertatzen baldin bada ere, zuzendariak «istorio hau munduko edozein gobernamendu totalitariotan gerta» daitekeela adierazi du.

1989an «Ander eta Yul»ekin zuzendari berriaren Goya saria irabazi zuen Ana Diezek eta harrezkero hainbat film eta dokumental egindakoa da. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo