GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Ospakizunaren biharamuna

Izan zirenak gogoan, Gudari Egunak hauspoa eman die geroari eta borrokari

Euskal Herriaren aldeko borrokan hilda suertatutako gizon emakumeak omendu zituzten atzo ere, Gudari Egunaren biharamunean. Larunbatean manifestaldi jendetsuak nagusitu baziren ere, igandearekin batera mendi martxa eta ekitaldi anitz egin ziren gure lurraldean hildakoak oroituz eta borrokari hauspoa emanez.

donostia.jpg

GARA

Txalaparta soinuarekin abiatu zuten ekitaldia Gipuzkoako hiriburuan eta 300 bat donostiarren txalo zaparradak agurtu zituzten oholtza gainera igo eta krabelin gorria jaurti zuten hildako donostiarren senideak.

Poliziarekin enfrentamenduan, erbestean, deportazioan, espetxean, jasandako torturengatik edota karga polizialengatik; finean Euskal Herriaren askapen-borrokan hildako gizon eta emakume guztiak, bideo bidez, bertan izan ziren. Argazki bat bestearen segidan, jendetzaren esku-zartadez lagunduta.

Dantzariek ohorezko aurreskua eskaini zieten oholtza gainean ziren senide eta haien artean ez zeudenei. Borrokaren balioa nabarmendu zuen bi- deoak jarraipena eman zion ekitaldiari, eta garai gogorretan ere konpromisoz eta ausardiaz jokatzeko gonbita egin zuen, Euskal Herriak independentzia eskuratzeko ausardiaz. Berta- ratutakoek indarrez erantzun zioten gonbitari, «borroka da bide bakarra» eta «gora Euskal Herria askatuta» oihukatuz.

Musika talde batek, borrokara deitzen zuen abesti batekin itxi zuen Donostiako ekitaldia, baina une horretan ETAren anagrama zeramaten hiru kaputxadun igo ziren oholtzara, pebeteroari su emanez. «Gora ETA militarra» leloak oihartzun zabala jaso zuen orduan, eta «Eusko Gudariak» kantatu ondoren, buka- tutzat eman zuten ekitaldia.

Oroimenaren basoan

Oiartzunen ere ekitaldi xumea eskaini zieten bertako hildakoei. Iragorriko kanposantuan izan zen hitzordua, oroimenaren basoan, alegia. Txistulariek ekin zioten ekitaldiari. Ondoren etorri ziren bertsolari eta dantzariak, eta azken horiek hildakoen aurpegiak marraztuta zeuzkan pankartaren azpian utzi zuten lore-sorta.

Ordu batzuk lehenago ordea, 40 bat lagun mendi bueltan aritu ziren. Oiartzungo herriko plazatik abiatu zen martxa 9.00etan eta hamaiketako ederra gozatuz itxaron zuten Iragorriko kanposantuan ekitaldiaren hitzordua arte.

Oiartzun eta Donostian bezala, Zumaian ere ekitaldia egin zuten atzo, Algorrin hain zuzen ere. Eta bertan, euren bizilagun Xabier Kalparsoro, Anuk, izan zuten gogoan bere heriotzaren hamabostgarren urtemugan. Gogor salatu zuten, hamabost urteren buruan heriotza horren inguruko inolako azalpenik eman ez izana. Ostegunean hasi zituzten ekimenak kostaldeko herrian, bertso saio batekin. Ostiralean institutura eraman zuten protesta, arratsaldean ordea, Zumaiako kaleetan zehar manifestaldia egin eta 130 pertsona inguruk herri-afaria egin zuten. Etsaiak, Des-kontrol eta Oxabi taldeekin amaitu zuten gaua.

Esteban Esteban Nieto espetxetik atera eta zendu zenetik ere bederatzi urte igaro dira iada. Tolosarrek ez dute ahantzi data hura, ez eta euren bizilaguna zena, eta, atzo, bere heriotzaren urtemuga zela-eta, lore-eskaintza egin zioten hamarnaka lagunek Larraitzen.

Sakanan ere, urtero bezala, ez dute bazterrean utzi Gudari Egunaren ospakizuna. Larunbatean Guardia Zibilaren jazarpenak trabak eragin zituen, baina elkarretaratzea egin zuten Arbizun 50 bat lagunek. Eta atzo manifestazioa izan zen Altsasun, 200 lagun inguru bilduz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo