GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Parisek Batasunaren egoera «aztertu eta erabaki behar duela» esan du Madrilek

Estatu espainoleko hainbat hedabidek Estatu frantsesean ere Batasuna azkar legez kanpo utziko dutela esan dute azken egun hauetan, baina Antonio Camachok, Barne Ministerioko bigarrenak, «egoera aztertzen utzi behar diegula» nabarmendu zuen atzo.

p012_f02.jpg

GARA |

Batasuneko hamalau kideren atxiloketaren ondoren eta haren Baionako egoitzaren miaketa zorrotzaren ostean, Estatu frantsesean ere alderdia oso epe motzean utziko dutela legez kanpo iragarri dute egun hauetan Estatu espainoleko hedabide ugarik bai eta Eusko Herriko hainbatek ere. Batasunak ere helburu hori duen dinamika abiatu dutela esan zuen larunbatean Lapurdiko hiriburuan izandako manifestazioan. Baina jendaurreko eztabaida hori isiltzea komenigarri ikusten du PSOEko Gobernuak.

Honela adierazi zuen atzo Antonio Camachok, Barne Ministerioko bigarrena denak. SER irrati-katerako elkarrizketa batean zera eskatu zuen: «Estatu frantsesari egoera aztertzen eta erabakia hartzen utzi behar diogu». Alfredo Perez Rubalcaba ministroak egin zuen bezala, Camachok ere Parisek «ETA komandoak baino gehiago direla ulertu duela» esan zuen, eta honi garrantzi handia eman dio. Baina Paris Madrilen esanetara dagoen inpresioa ekidin nahi du Gobernu espainolak, eta horregatik hedabideen bidez presiorik ez eragiteko jokabidea erabili nahi du.

«Frantzian abiatu daitekeen edo abiatu ezin daitekeen prozesu horrekiko errespetuz jokatu behar dugu», esan zuen Camacho Segurtasun idazkariak.

«Eztabaida politikorik gabe»

Onartu zuenez, Estatu frantsesean ezin da alderdi politiko baten ilegalizazioaren inguruan «eztabaida politiko handiegirik egin». Bistan denez, aurreko astean Barne ministroa den Michele Alliot-Mariek eta Justizia arloko Rachida Datik auzia ez dagokiela esan zuten.

Hala ere, horretan ari diren hedabide guztiek hipotesi berbera erabili dute: Batasuna elkarte gisa ari denez, zailtasun tekniko handirik ez zuen izango Parisek legez kanpo utzi nahiko balu. Horretarako, Baionako egoitzan 42 orduz egindako miaketatik ateratako elementuak bildu eta baloratu beharko lituzkete orain.

Ipar Euskal Herrian ere eskuineko eta PSko ordezkariek horrek dakartzan arriskuez ohartarazi dute. Ildo honetatik joan dira, esate baterako, atxiloketak gertatu osteko Max Brisson, Didier Borotra edota Frantxua Maitiaren adierazpenak.

ESKER ONEKOA

Ilegalizazioa ezarrita ala ez, edonola ere Estatu espainolak Estatu frantsesari bere elkarlanarengatik «eskerrak» eman behar dizkiola aurreratu du Antonio Camacho Segurtasun idazkariak.

aurreikuspenik ez

Azken hilabeteetan egin duen bezala, ETA «gero eta ahulago» dagoela esan du Barne Ministerioak, baina, aldi berean, «mina eragiteko prest» ikusten du «eta lortuko duela» aurreikusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo