GARA > Idatzia > > Mundua

Segurtasun Kontseiluaren ebazpen berria eraikitzailea ez dela erantzun du Iranek

GARA |

Larunbat arratsaldean Nazio Batuen (NBE-ren) Segurtasun Kontseiluak Iranen programa nuklearraren aurka beste ebazpen bat onartu zuen. Errusiaren presiopean, ez zuten zigor edo mehatxu berririk onartu. Orain arte adostu dituzten neurriak berrestea mugatu ziren.

Ebazpena laburra izan zen. Bi izan ziren Irani egin zizkion dei nagusiak; batetik, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin lan egitea eta bestetik, bere «eginbeharrak lehenbailehen eta bere osorik betetzea».

Segurtasun Kontseiluko kideek hitz zorrotzagoak erabili nahi zituzten, baina Errusiak ez zuen bat egin asmo horrekin.

Irango negoziatzaileak, Saeed Jalilik, horrelako ebazpena ez duela ezertarako balio erantzun zuen. «Ez dira bat ere eraikitzaileak. Gure konfiantza bereganatzen saiatu behar lirateke, zeren halako adierazpenekin konfidantza eza besterik ez dute eragiten eta horrek ez dio mesede egiten mundu mailako bakeari eta segurtasunari», nabarmendu zuen Irango telebistari eginiko adierazpenetan.

Legebiltzarreko presidenteak, Ali Larijanik, ere salatu zuen. Erabakia «erabat politikoa» eta «oinarri juridikorik gabekoa» dela plazaratu zuen. «AIEA-ren jarrerak eta 5+1 taldearen jarrera aldaketa gaiztoak Irango auzia aitzakia politiko hutsa dela erakutsi du», esan zuen. Pasa den asteazkenean, Mahmoud Ahmadinejad presidenteak «larderiazko botereei» eutsi egingo diela ohartarazi zuen.

Azken txostenean, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak Iranen jardun nuklearrak zein neurriraino helburu militarrak dituen ezin izan duela argitu aitortu zuen. NBEek agindu duenaren kontra, uranioa aberasten jarraitu duela adierazi zuen. Era berean, AIEAren ikertzaileekin lankidetzan aritzeari uko egin diola salatu zuen. Teheranek aurrerapauso eza onartu arren, errua AIEAri egotzi zion, negoziaketarako estrategia egokia finkatu ez izanagatik.

Parisen mehatxuak

Estatu frantsesak larunbatean lortu zuten adostasuna txalotu zuen. «Ebazpen berri horrek nazioarteko komunitatearen batasuna eta Iranek abian duen programa nuklearraren gaineko kezka islatzen du», helarazi zuen Atzerri Ministerioak.

Elkarrizketaren alde dagoela adierazi zuen arren, irmotasuna exijitu zuen. «Nazioarteko betebeharrei muzin egiten jarraitzen badu, prest gaude Iranen kontrako presioa areagotzea. Zigor berriak adosteko gure kideekin lan egiteko prest gaude ere», ohartarazi zuen agirian.

Bestetik, AIEA-ren Irango presidentea, Gholamreza Aghazadeh-ek agentziak bihar Vienan hasiko den batzar orokorrean ez duela esku hartuko iragarri zuen Isna albiste-agentziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo