GARA > Idatzia > > Kirolak

Bat formula Singapurreko Sari Nagusia

Gaueko nahastean Alonso nagusi

Lewis Hamiltonek tarte dotorea atera dio Felipe Massari sailkapen nagusian, erabat arraroa izan zen Sari Nagusiaren ostean

p035_f01_250x140.jpg

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

Arraroa eta ezustekoz betea. Horrelakoa izan zen atzo jokatu zen Singapurreko Sari Nagusia. Arraroa, hasierako sailkapenak eta bukaerakoak inongo antzik izan ez zutelako. Eta ezustekoz betea, istripu eta anekdotek sekulako eragina izan zutelako. Nahaste-borraste horretan, eta asko arriskatuta, Alonsok, irabaztea zer zen ere ahaztua zeukala, garaipen bikaina lortu zuen Renault etxerako.

Hasieran emozio gutxi

Bazirudien larunbateko entrenamenduek argituta utzi zutela atzoko auzia; eta hasieran logikak agintzen zuen bidetik joan zen lasterketa. Bat formulako superpotentziek burdinazko eskuarekin sekulako boterea erakutsi zuten lehenengo segundotik eta Raikkonen, Massa eta Hamilton beraien lasterketa egiten zebiltzan; guztien aurretik, eta akats gutxi eginez. Baina batzuetan kirolean sorpresek gidoitik kanpora dagoen istorioa idazten laguntzen dute. Eta eskerrak.

Aurrean betikoak zihoazen, eta atzean ere bai. Baina horien artean, ohi baino atzerago sailkatu zen Fernando Alonso. 15. postutik atera behar izan zuen gidari espainiarrak.

«Ez itxi begiak, ikuskizuna galdu egingo duzue-eta». Ia publizitatezkoa den esaldi horrekin ekiten diote Alonsoren lagun handiak diren kazetari batzuk Sari Nagusi bakoitzari. Eta azkenean arrazoi izango dute, alajaina. Kliska bat, horixe baitzen lasterketaren nondik norakoak aldatzeko igaro zen denbora. Begiak itxi, eta irekitzerako dena atzekoz aurrera.

Fernando Alonso, postuak aurreratzeko ahaleginetan, erregai gutxirekin atera zen. Ondorioz, besteek baino azkarrago pasatu behar izan zuen boxetatik Renaulteko gidariak, eta zer diren kontuak. Justu erregai-tanga bete eta Nelson Piquetek sekulako istripua izan zuen. Bandera horia, eta segurtasun autoa zirkuituan. Honen emaitza; auto guztiak bateratuta berriro. Alonsok erregaiz beteta zeukan autoa, eta beste guztiek hutsik. Beste auto guztiek boxetatik pasatu behar zuten bitartean Alonso denak aurreratzen joan zen lehendabiziko postura heldu arte.

Konturatzerako Hamilton eta Massa, aurtengo mundialaren borrokan dabiltzan bi gidariak, lehen postuetatik urrunegi zebiltzan. Eta handik aurrera bi faboritoek zeregin bakarra zuten buruan; galerak minimizatzea. Batak zein besteak aurrerako bidea hasi zuten, baina zorte desberdinarekin. Hamiltonek, pixkanaka gorako bidea egin eta hirugarren postuan bukatu zuen. Pilotu brasildarrak, berriz, akatsez beteriko gidaritza egin zuen, eta 13. postuan geratu zen. «Oso emaitza txarra da mundialean nituen aukerak ikusita», zioen burumakur Massak lasterketa bukatutakoan.

Alonsorentzat, azken itzuliak uste baino erosoagoak izan ziren, nahiz eta segurtasun autoa berriro agertu. Baina kontuak kontu, zortearen laguntzaz eta 30 lasterketa beranduago, Alonso, berriz ere, podiumaren gorengo lekura igo zen.

Ferrari, galtzaile nagusia

Atzokoan garaile nagusia Renault izan bazen, txanponaren ifrentzuan Ferrari geratu zen. Maranelloko autoek aspaldiko Sari Nagusirik okerrena egin eta lidergoa galdu zuten taldekako sailkapenean. Felipe Massa, pole positionetik atera bazen ere, punturik gabe itzuli zen etxera. Eta, bestetik, Kimi Raikkonenek, bere bolada txarrari jarraiki, bosgarren postuan zihoala, txikitu egin zuen automobila.

Ikusleen gozamenerako egoera honek emozioa gehitu dio eraikitzaileen mundialari. Bi taldeak puntu bakarrean dabiltza, eta hemendik aurrera akats guztiak garesti ordainduko dira.

gauez eta hirian

Lehendabizikoz F1eko Sari Nagusi bat gauez jokatu zen. Baina berritasuna ez zen musutruk atera. Pilotuen segurtasuneko baldintzak betetzeko, 1.500 foku jarri ziren zirkuitu osoan zehar, zorua zeharka argiztatuz, horrela, pilotuak itsutu ez zitezen.

oreka handia

Ferrariren atzoko emaitza txarra izan bazen ere, oraindik ere aukerak ditu bi sailkapenetan. Hamiltonek, oso ziurra ez den 7 puntuko aldea darama Massarekiko. Eta taldekako sailkapena irabazteko, nahikoa litzateke puntu bakarreko aldea lortzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo