GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Programazio hobetu eta berritua aurkeztuko du gaur Info7 nazio irratiak

Info7k aurrerapausoak ematen jarraitzen du. Oraingoan, denboraldi berritua aurkeztu du, gaur entzuleengana zabalduko dena. Kolaboratzaile edo albistegien antolaketa berritzailea dira aldaketa esanguratsuenak, eta, horiez gain, hurrengo hilabeteetan beste asko etorriko dira.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Egunero Info7 entzutera ohituta dagoen edonork berrikuntza asko aurkituko ditu gaurtik aurrera nazio irratiaren denboraldi berrian. Hedabide honek aurrera eramaten duen ekimena eraikiz eta hobetuz doa eta bide honetan kokatzen da gaur aurkeztu duten programazio berritzailea. Irratikoek, ordea, badakite hazte-prozesuak aldaketaz josita dagoela eta horregatik berrikuntza gehiago iragarri dituzte hurrengo hilabetetan.

Lehenik eta behin, goizeko Kale Gorrian magazinak ahots berrien gidaritzapean hurbilduko da entzuleengana. Ordu eta erdiko saioa aurkeztu dute, non Martin Garitano eta Ion Telleria aurreko eguneko azkeneko ordutan gertatutakoak azalduko dituzte. «Analisia, euskal eta espainiar prentsaren irakurketa kritiko -Café y Periódicos- eta elkarrizketaren tartea izango dira atal nagusiak», azaldu dute irratikoek. Horrez gain, Garitanok azaltzen duenaren arabera, kolaboratzaile taldeari berriak gehituko zaizkie ikuspuntu berritzaileak eskaintzeko asmoz.

Informatiboen antolaketak ere aldaketak biziko ditu, hiru albistegi nagusi ardatz bezala hartuko duen eskaintzan. Lehena, goizeko 8etan izango da, gaztelaniaz eskaintzen dena. Bigarrena, eguerdi aldera dator, 13.3oetan hain zuzen. Eta, azkenik, arratsaldeko 8etan dator hirugarrena, non albiste nagusiak zabaltzeaz gain jardunaldia garrantzia izan duen protagonista bati zuzeneko elkarrizketa egingo zaion.

Musika, bestalde, orain arte daukan jarraitasun funtzioa mantenduko du. Ez da, ordea, aldaketetatik urrundu. Horregatik, musika tarteetan kronikak eta kolaborazioak aurreko denboralditan baino maizago eskainiko dira. «Talaiatik» saioa, hots, tarte horietan igortzen dena, «zinema kritikak, kultur gomendioak, mendia, naturaren mundua, geologia, sexualitatea, bidaiak, sendabelarrak eta beste hamaika kontu entzungo ditu entzuleak abesti tarteetan, bai eta ateratzear dauden diskoen aurrerapenak eta kanten aurkezpenak ere abeslariek beraien ahotik», iragarri dute Info7 nazio irratiko kideek.

Programazioko berrikuntzak, bestalde, gauera arte luzatzen dira. Irratikoek izar bezala kokatzen dute gau aldean igorriko diren magazinak, non musika estilo anitzak eskaintzen diren. Programa bakoitzak musika mota desberdin bat jorratuko du. «Hegoaldeko Ostatua» munduko musika landuko du, esate baterako. Horrez gain, «Bailara Ezkutua»n rock musika entzungo da, «Katuk Morun» pop-rock musikaren berritasunak, «Hip Hop Enbatan» estilo hori, «Sound System»en musika beltza eta elektronikoa, «Burdinola»n metala eta «Malemben» protesta kantak. Aurten eskainiko duten berrikuntza garrantzitsuena saio berri bat da: «Gozakaizte». Tarte honetan 70etako hamarkada bitarteko XX. mendeko musika entzuteko aukera egongo da.

Kalitatezko irrati bat eskaintzek bidean agintza argia luzatu dute: «Berrikuntzak ez dira orain amaituko. Laster, arratsaldeko magazinari ekingo dio Info7k, eta arratsaldeko eztabaida eta mahai-inguruak izango dira». Bitartean, gaurtik aurrera, denboraldi berria entzuteko aukera dago, gero eta Info7 gehiago baitago www.info7.com-en.

GAURKOA

Kale Gorrian saioan gaur Iñaki Altunak Euskal Herriko egoera politikoari buruzko iruzkina eskainiko du. Horrez gain, Martin Garitanok Txelui Moreno ezker abertzaleko militante historikoa elkarrizketatuko du.

Fitxa

Helbidea: www.info7.com

Nola jaso: Internet bidez.

Berrikuntzak: Kolaboratzaile berriak hainbat magazinetan, albistegien antolaketa, musika-saio gehiago eta osoagoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo