Martxel Toledo Garmendia ESAITeko koordinatzailea
Ibarretxe jauna, zergatik ezkutatu egia?
Ibarretxek euskal kirolariek egindakoa goraipatzea eta heroiak bezala tratatzea ongi dago, baina ez dut uste zilegi denik kirolari hauek Beijingo Paraolinpiar Jokoetan Euskal Herria ordezkatu dutela esatea, hori ez delako egia. Euskal kirolariak izan arren, Espainia eta Frantzia ordezkatuz lehiatu dira, tamalez
Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria izateagatik, Juan Jose Ibarretxe jauna, pertsona publikoa eta ezaguna da euskal gizartean eta baita Espainia aldean ere, hor batez ere, bere izena daraman Plana dela-eta, protagonismo handia lortu duelako. Ezaguna izate horrek izango ditu bere alde onak, jakina, baino baditu alde txarrak ere. Hauen artean kokatu daiteke, bere ahotik ateratako ia guztia, gero, besteok, hedabideei esker, jakin ahal izaten dugula. Eta jakina, horrek aukera ematen digu egia esan duen edo gezurretan aritu den jakiteko.
Egungotasunean kokatuta, bere izena daraman Plana izan daiteke adibideetako bat, bere hitz ponpoxoak erabiliz euskal gizarteari errealitatea ezkutatzeko gai dela ohartzeko. Baina ni, gaurkoan, euskal selekzioa ardatz hartuta esandakoaren inguruan mintzatuko naiz.
Orain urte batzuk, 2005eko urtarrilaren 8an, hain zuzen, hemerotekan ikus daitekeenez, «Euskal selekzioarekin jolasean» izenburuarekin iritzi artikulu bat plazaratu nuen. Eta aipatu artikulua horrela abiatzen zen: «Ez da lehenengo aldia eta ziur nago ez dela azkenekoa ere izango, EAEko lehendakariak, Ibarretxe jaunak, euskal selekzioarekin jolasten duena». Eta bertan, besteak beste, egun batzuk aurretik, Donostian, Honduras eta Euskal selekzioaren partidua zela-eta, Ibarretxek egindako adierazpenak kritikatzen nituen, «euskal gizarteak nahi duenean, euskal selekzioek nazioartean ofizialki jokatuko dute», egia izatetik oso urrun zegoelako. Denok dakigulako, zoritxarrez ez dagoela euskal gizartearen esku nazioartean geure selekzio ofizialak izatea ala ez, bestela, inongo zalantzarik gabe aspaldian horrela arituko ginelako. Baina errealitatea zeharo alderantzizkoa da. Beraz, hitz politak erabiliz, egia ezkutatzen aritu zen. Eta horretarako testuinguru aproposa erabili zuen -euskal selekzioaren partidua, alegia- euskal gizartearen belarriak gozatzeko, nahiz eta jakin ez zela egia esaten ari. Orduan aipatzen nuen bezala, Ibarretxe jaunak euskal selekzioa erabiliz horrelako adierazpenak edo antzekoak egin dituen lehengo aldia ez da. Besteak beste, 1999ko abenduaren 29an, San Mamesen, Euskal selekzioak Nigeriakoaren aurka jokatu zuenean egindakoak ere antzekoak izan zirelako: «Garbi daukat, euskal gizarteak nahi duenean euskal selekzioak izango ditugula, eta ez soilik futbolekoa». Beraz, ikusten da Ibarretxek hedabideen aurrean eta promesak egiterakoan, behin eta berriro gustukoa duela euskal selekzioa erabiltzea. Agian, euskal selekzioaren beharra euskal gizartean txertatuta dagoelako izango da. Gaitzerdi hala bada, agian, hori etorkizunean ofizialtasunaren onerako izan daiteke.
Laur urtetik behin jokatzen diren Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak bukatu berriak dira Beijingen (Txina) eta bertan, Espainia eta Frantzia ofizialki ordezkatuz, euskal kirolari ugari izan ditugu lehiatzen, emaitza onak lortu dituztelarik. Eta jakina, Jaurlaritzak, euskal kirolari batzuei harrera egin die, Beijingen hauek lortutakoa euskal gizartearen aurrean goraipatzeko. Eta batzuei, esan dut, Paraolinpiarrei egindako harreran ez zirelako Beijingen lehiatu diren Nafarroa Garaikoak eta Lapurdiko kirolariak egon. Ez dut gaizki pentsatu nahi, baina, agian, esaera zahar batek dioen bezala, gaizki pentsatu eta...
Baina ez naiz ni izango Jaurlaritzak eta beste euskal instituzio batzuek egindako harrera horien aurka jarriko naizena, besteak beste, ESAIT izan zelako orain urte batzuk -formatu xumean bazen ere, eta beste irizpide oso desberdinak hartuta- ongietorrien eredua martxan jarri zuena. Horren lekuko izan daitezke, besteak beste, 1998. urtean Mexikora Munduko Pilota Txapelketa lehiatzera joan aurretik euskal pilotariei Donostian egindakoa; Sydneyko 2000. urteko Paraolinpiar Jokoetan parte hartu zutenei Sondikan eta Hondarribiko aireportuetan egindakoak; Japonian 2001. urtean Munduko Sokatira Txapelketan Sakanako neskei ikurrina podiumean ateratzeagatik kanporatuak izan ondoren Sondikan egindakoa; edota, 2001. urtean, baita, Miarritzen euskal surflariei eta Gasteizen Wushu Kung-Fu-koei emandako babesa. Ekimen hauetatik aparte, ESAIT beti egon da euskal selekzioa ardatz hartuta euskal kirolariei babesa ematen, halaber, 2002. urtean Iruñean jokatutako Munduko Pilota Txapelketatik kanpo utzi zituztenean, 2006. urtean Camp Nou zelaian Katalunia eta Euskal Herriko gizonezko selekzioen arteko futbol partidua jokatu zenean edota, Venezuelan 2007. urtean, gizonezko euskal selekzioak, futbolean Venezuelaren aurka jokatu, eta kirolariek ofizialtasuna jartzen zuen pankarta bat zelaira ateratzeagatik, zenbait hedabide espainolen aldetik kirolari hauek jasotako irainak eta lintxamendu «mediatikoaren» aurrean, publikoki gure babesa eskaini genienean. Beraz, babesa oinarri hartuta, Ibarretxek zuzentzen duen Jaurlaritzak edo beste edozeinek, euskal kirolariei egin diezaiokeen ongietorri-harreraren aurka ezin naiz egon. Alderantziz, uste dut kirolari guztientzat oso garrantzitsua dela babesa jasotzea, batik bat babes hori konpromisoarekin bat eginez badoa.
Baina babes hori aitzakia hartuta Ibarretxek egin dituen adierazpen publikoen aurka bai nagoela, esandakoaren zati bat behintzat ez delako egia eta gainera, errealitatearen aurrean, horrek, euskal gizartea nahasi dezakeelako. Euskal kirolariek egindakoa Ibarretxek goraipatzea eta heroiak bezala tratatzea ongi dago, baina ez zait zilegi iruditzen kirolari hauek Beijingo Paraolinpiar Jokoetan Euskal Herria ordezkatu dutela esatea, hori ez delako egia. Euskal kirolariak izan arren, oraindik tamalez, Espainia eta Frantzia ordezkatuz lehiatu direlako. Eta Ibarretxek eta bere laguntzaile guztiak hori horrela dela jakin badakite, guztiok dakigun bezalaxe. Beraz, lotsagarria iruditzen zait horrelako ekitaldi bat aprobetxatuz, euskal kirolariek lortutako emaitza bikainei etekin politikoa atera nahian ibiltzea, eta errealitatea ezkutatuz, euskal gizartea engainatzea, finean, herri honek egia jakiteko ere baduelako eskubidea, galdetzeko eta pentsatzen duena esateko duen bezalaxe.