Trontza Euskal Herriko finalak
Gipuzkoako bikoteak izan dira nagusi, bai mutiletan bai nesketan
Gizonezkoetan, Esnaola anaiek ez zuten hutsik egin. Emakumezkoetan, Intxausti eta Mazizior, onenak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Gipuzkoarrak izan dira txapeldunak Euskal Herriko Maila Nagusiko Trontzalarien Txapelketan. Mutilen artean, Esnaola anaiek ez zuten hutsik egin, eta iragarpenak bete zituzten. Nesketan, berriz, Intxaustik eta Maziziorrek lortu zuten garaipena. Lehen aldiz parte hartu, eta irabazi egin zuten.
Aizarnazabalgo pilotalekua gainezka izan zen, eta Euskal Herriko bi final hauetan kirolariek emandako maila ere bikaina izan zen.
Neskek eman zioten hasiera, eta lau partaide izan ziren lehian. Bikote bakoitzak, 45 ontzako enbor bati 10 epai etzanda eman behar zizkion. Etxebarriatarrak ziren faborito, baina ezin izan zuten gipuzkoarren aurka. Lehia bikaina izan zuten, baina amaieran Maziziorrek eta Intxaustik lortu zuten txapela.
Bukaera hunkigarria izan zuen, izan ere, Intxausti kirol honetan bere senarrarekin aritu izan da orain arte, baina gizona pasa den neguan zendu zen istripu baten ondorioz, eta Intxaustik finala irabaztean ezin izan zion negarrari eutsi.
Esnaolatarrak
Mutiletan ez zen inongo ezusterik izan, eta Esnaola anaiek lortu zuten Euskal Herriko txapela. Legorretako anaiak ziren irabazteko faboritoak eta ez zuten hutsik egin.
Esnaolatarrek lan bikaina egin zuten, eta azken urte hauetako markarik onena ere lortu zuten. Lehen epaitik ikusi zen bikain zeudela, eta aldea ere berehala hartu zuten. Zuloa gehitzen hasi ziren, eta amaieran ia bi minutuko tartea kendu zieten Barberena anaiei.
Bikote bakoitzak 60 ontzako enborrari hamar epai etzanda eman behar izan zizkion. Gainera, beste kana-erdiko bati sei epai etzanda eman behar izan zieten, eta tamaina bereko beste enbor bati, sei zutik.
Hirugarren Mailako Aizkolarien Txapelketako azkeneko kanporaketa jokatu zen herenegun Urrotzen, eta Castrok lortu zuen kanporaketa irabaztea. Patxi Mindegia izan zen bigarren, eta beraz, biak izango dira finalean. Erasun, Pellejero, Atutxa II.a eta Mugertza III.a lehendik sailkatuta zeuden.
Igantzikoak jaun eta jabe izan ziren herenegun beren herrian jokatu zen Euskal Herriko Txapelketan, estreinako hiru postuak bete zituztenak herriko semeak izan baitziren. Amaieran txapela Bereauk jantzi zuen 22 jasoaldirekin, eta atzetik Sein eta Telletxea sailkatu ziren jasoaldi kopuru bera eginda.