GARA > Idatzia > > Mundua

AEBek Bagdaden eskuetan utzi du Al-Qaidaren aurkako Shawa taldearen agintea

Al-Qaidaren kontra Iraken borrokatzeko erabili izan duen Shawas milizia sunitako kideak Bagdadeko Gobernuaren aginduetara pasako dituzte AEBek. Okupazioaren aurkako matxino ohiez osaturiko milizia hau 100.000 kide inguruk osatzen dute.

GARA |

Al-Qaedaren aurka borrokatzeko AEBek antolatu duten Shawa milizia sunitaren agintea Bagdadeko Gobernuaren eskuetan uzteko lehen urratsak eman zituen atzo Washingtonek.

Orotara, 100.000 kidek osatzen dute Shawas («esnatu», arabieraz), eta gehienak matxino sunita ohiak dira, AEBetako Armadaren aginduetara jarri izan direnak. Lehen fasean, 54.000 miliziakide jarriko dira Bagdadeko Gobernuaren esanetara.

Xiitak eta kurduak dira nagusi Bagdadeko Gobernuan, eta hilero 15 milioi dolar (10,2 milioi euro) gastatu beharko ditu Shawas taldeko kideen soldatak ordaintzeko. Orain arte, AEBetako Armadak ordaintzen zituen soldata hauek.

Shawas milizia 2006ko irailean osatu zuten al-Anbar probintziako leinuburu sunitek. Ondoren, Irakeko beste probintzia suniten artean hedatu ziren. AEBek esandakoaren arabera, Shawaseko kideek kalte handia eragin diote Al-Qaida sareari.

Okupazio estatubatuarrari aurre egiteko 2003. urtean sortu zen matxinadaren aurka erabili dute AEBek Shawas milizia. Washingtonen bertsio ofizialaren arabera, talde islamistari aurre egiteko gai izan dira Shawaseko kideak, eta, horren ondorioz, probintzia sunitetan «indarkeria» nabarmen jaitsi da.

Erdia, Bagdaden

Shawas milizia 100.000 kide inguruk osatzen dute, eta horietatik 54.000 Bagdaden daude eta beste 29.000 iparraldeko probintzietan -Salaheddin, Diyalah, Kirkuk eta Ninive-, Estatu Batuetako Armadaren datuen arabera.

Washingtonek eta Bagdadek adostutako «akordioaren» arabera, Irakeko Gobernuak Shawaseko kideen %20 segurtasun indarren barnean kokatu beharko du. Gainerakoei lanpostu zibilak eskainiko diete, alor publikoan zein pribatuan.

mendekua

Al-Qaidaren aurka borrokatzeko erabiliak izan ostean, AEBek babesa kendu diela salatu dute Shawaseko kide askok. Islamisten mendekuaren beldur dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo