GARA > Idatzia > > Kultura

Britainiar koreografoen sormen argitsuak zabalduko ditu igandean hasiko den Dantzaldiak

Jaialdiaren bederatzigarren edizio honek bereizgarri geografikoaren aurkezpena berreskuratu du: Britainia Handian egindako lanak ezagutaraziko dituzte urritik abendura bitartean izango den Dantzaldian.

Itziar AMESTOY | BILBO

«Ez da gure asmoa erabatekoak izatea, ezinezkoa delako, baina aurkezten diren konpainia guztiak Erresuma Batuan finkatutako koreografoen zuzendaritzapean daude, eta guztiek duten beste ezaugarri bat da mugimendu argitsuaren kalitatea». La Fundicion aretotik hitz horiekin zehaztu zuten atzo aurkeztutako Dantzaldiko bederatzigarren edizioa. Igandean hasiko den jaialdiak bereizgarri geografikoaren hautua berreskuratu du, aurreko edizioetan egin ohi zuen bezala, eta, horrela, britainiar dantzara mugatu nahi izan dute. Antolatzaileen aburuz, Bilbon ikusgai izango diren konpainiak ezagunak dira; ziurtatu dutenez, «belaunaldi baten parte dira eta ñabardurazko mundu bat ekarri diete dantzari eta eszenari».

Hurrengo igandean, hilak 5, Rafael Bonachelak bere solo eta duo sarituenak erakutsiko dizkio Bilboko publikoari eta, horrez gain, aurreko egunean tailer bat emateaz arduratuko da, profesionalentzat eta dantza ikasleentzat. Hurrengo astean, urriaren 12an, zuzendaritza artistikoan Ann Sholem duen Diversions Galesko Konpainia Nazionala izango da. Urriko bi ikuskizunak dira horiek. Azaroan, bestalde, Hofesh Shechter taldeak bere dantza amorratuzko azken pieza biak erakutsiko ditu: «Uprising» eta «In your rooms».

Jaialdia abenduan itzuliko da, eta azken hiru lanak erakutsi ditu. La Ribotek -aski ezaguna Bilbon- beste moduko lan bat eskainiko du Dantzaldian. Bost ordu irauten duen ikuskizuna da, eta ikusleak emanalditik irten eta sartzeko aukera izango du. «Kartoizko unibertso batean aurkituko dira interpreteak, artistaren esku-hartze politikoenean eta ehunka berba eta barre izoztuen artean». Bestetik, abenduaren 13an, galestar eta nigeriar jatorria duen Henri Oguikek bere ibilbidean bizi izandako eboluzioaren berri emango du.

Kanpoko joeren gaineko birpasari kontrapuntu bat eskaintzeko, Logela Multimediaren lana ere Dantzaldiko programan sartu da. Jaialdiaren aurreko edizioetan sorkuntzarako kolaborazioan koka daiteke Break on Stage jaialdiaren antolatzailea den taldearen ikuskizuna. Logela Multimediak hip-hop kulturan errotutako lan baten estreinaldia egingo du abenduaren 17an. Lan horretan nahasten dira taldearen irudi sorkuntza eta Circle of Trusten breakdance-a.

Elkarguneak zabalduz

Dantzaldia jaialdiak, ordea, ez da ikuskizun interesgarri bakar batzuetara mugatzen. Helburu hori baino harago, dantza ikasle eta profesionalen arteko elkarguneak sortzen saiatzen dira, eta horren harira hainbat tailer eta solasaldi antolatzen dituzte, «ikusleak ere sortzaile prozesuetara eta sortzaileengana hurbil daitezen» helburutzat hartuta, La Fundicioneko arduradunek azaldutakoaren arabera.

Elkargune hauek hiru lekutan egingo dira: Guggenheim museoan, Euskalduna jauregian eta La Fundicion aretoan. Museoan, Logela Multimedia & The Circle of Trustek egindako bi tailerrak egingo dira: Workshop eta Sorkuntza prozesuaren aurkezpena. Euskalduna jauregiko eskaintza zabalagoa da, hurbilpen koreografiko tailerraz gain master class zabalak eta bideo-dantzak ere egin daitezkeelako. Azkenik, La Fundicionen bertan solasaldiak egingo dira abenduaren 10ean.

Fitxa

Lekua: Euskalduna jauregian eta La Fundicion aretoan (Bilbo).

Datak: Urriaren 5etik

abenduaren 17raino.

Taldeak: Bonachela Dance Company, Diversions, Hofesh Shechter, La Ribot, Henri Oguike Dance Company eta Logela multimedia & Circle of trust.

Webgunea: www.dantzaldia.org

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo