GARA > Idatzia > > Kirolak

SURFA Mundaka Billabong Pro txapelketa gaur hasiko da

Sopelan ekingo diote lanari, osteguneko olatuen zain

Iragarpenek itsasaldi on bat aurreikusi dute etzirako, eta lehiaketa Mundakara zertxobait aurreratuta iristea da helburua. Euskaldunak hasteko gogoz daude.

p036_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Olaturik ez zegoela-eta, Mundakako Billabong Pro Surf Txapelketaren hasiera atzeratu egin behar izan dute. Itsasoaren egoerak ez zuen batere laguntzen atzo, eta surflariei gaurko dei egin diete, 08.00etan, Sopelako Arrietara hondartzara. Dirudienez, aurreneko txanda -edo aurreneko biak agian- bertan jokatu nahi dituzte, modu horretan ostegunerako iragarri diren olatuak Mundakan hobeto baliatu ahal izateko.

Hain zuzen ere, horixe zen atzo zaleen artean bolo-bolo zebilen berri pozgarria. Joan den asteko iragarpenak ezkor samarrak izan arren, badirudi aste honetan itsasaldi bat sartuko dela Kantauriko kostaldean eta datorren asterako ere aurreikuspenak nahiko onak dira. Kontuan izan behar da lehiaketa urriaren 12ra arte luza daitekeela, beste txapelketa batzuetan baino denbora gehixeago.

Aranburu, oso goiz

Aurreikuspenak betetzen badira eta lehiaketa gaur bertan hasten bada, zaleek goiz esnatu beharko dute Aritz Aranbururen lana zuzenean jarraitzeko. Zarauztarra lehen txandan arituko da Kai Otton australiarra eta Heitor Alves brasildarraren aurka. Beste euskaldunei dagokienez, Marcos San Segundo 9. txandan sartuko da uretara eta Hodei Collazo 10. neurketan arituko da. Hauek dira hamasei txandak.

Aurtengo txapelketan hutsune nabarmenak egongo dira. Mick Fanning australiarra, iazko munduko txapelduna, eta Andy Irons, 2002an, 2003an eta 2004ean zirkuitua irabazi zuen hawaiiarra, ez dira Mundakan izango. Ezta Bruce Irons, Neco Padaratz eta Dean Morrison ere. Haien ordez, Tim Boal, Manoa Drollet, Reubyn Ash, Gabe Kling eta Nic Muscroft sartu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo