GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ekuadorren Correak lortutako babesak eskualdean eragin positiboa izango du

Ekuadorko hamar milioi hautesleen bi herenek baietza eman zioten igandean Rafael Correaren Gobernuak proposatutako Konstituzio berriari. Atzokoa 2007ko urtarrilean boterera heldu zenetik irabazten duen hirugarren bozketa izanik, pozarren agertu zen Correa bera. Bere Gobernuaren garaipena izateaz harago, Konstituzioa ekuadortar guztien eta latinoamerikar guztien garaipena zela esan zuen, emaitzak ezagutu ostean egin zituen lehendabiziko adierazpenetan.

Orain onartu den Ekuadorko Estatuko Konstituzioak berritasun ugari eta garrantzitsuak dakartza. Lehenik eta behin, demokraziaren ikuspuntutik, alor garrantzitsuetan erabakimena herriaren esku uzten du eta agintarien boterea mugatzeko edota kontrolatzeko mekanismoak ezartzen ditu. Adibidez, botere exekutiboaren esku ahalmen handiak geratzen badira ere, ekonomiaren arloan gehienbat, Konstituzioak herritarren esku uzten du zenbait erabakien berrespena. Halaber, botereen arteko harremanak argitzen ditu eta botere judizialaren independentzia bermatzeko neurriak hartzen ditu.

Lurraldearen ikuspuntutik komunitate kultural eta nazional desberdinen eskubideak onartzen ditu eta, lehendabizikoz, Ekuador nazio aniztun Estatu bat dela onartzen du Konstituzioak. Komunitate desberdinei eskumen handiak ematen dizkio, onarpen eta berme horien azken helburua Ekuadorren batasuna mantentzea bada ere. Baina batasun hori kulturen, komunitateen eta nazioen errespetutik eraiki nahi da. Areago, Ekuador komunitate horien babesarekin egin nahi da.

Ekonomiaren arloan monopolismoa gogor borrokatzen du eta gastu soziala bermatzen du. Norabide honetan, hezkuntza da Konstituzioaren lehentasunetako bat. Gainontzean, migrazioaren ikuspuntutik aurrerapauso handiak ematen ditu testu berriak. Herritartasun unibertsala aldarrikatzen du eta eskualde mailan herritarren mugikortasun askearen alde egiteko proposatzen du.

Gauza guztien gainetik eredu edo sistema berria martxan jartzea bilatzen du Correak, XXI. mendeko sozialismo gisa izendatu den horren ildotik. Ibilbide politiko horretan Konstituzioa elementu garrantzitsua izango da, zalantzarik gabe.

Correak lortutako babesak, Ekuadortik harantzago, eragin zuzena eta positiboa izango du eskualde osoan. Batez ere Bolivian, izan ere, bertan, antzeko prozesu konstituziogile batek oztopo gogorrak izan ditu, hala kanpotik nola barrutik. Eskualdeko herrialdeek eta agintariek erakutsitako babesaz gain, eskualde osoa murgiltzea bilatzen duen proiektu politikoak aurrera egitea da une honetan garrantzitsuena. Proiektu, eredu eta sistema hori finkatzeko urrats garrantzitsua da Ekuadorko Konstituzio berria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo