GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea

Pixka bat, «es mucho»?

Kanpaina horrek norberaren eleaniztasuna eta Euskal Herriaren menderatze linguistikoa nahasten ditu. Eta jarrera hori Jaurlaritzaren menpeko hizkuntz politikaren ezaugarria da Espainiaren menpeko hizkuntz politika autonomistan PP-PSOEk jartzen du ideologia politikoa, eta Jaurlaritzak, adostasuna

Euskal Herria, duela mila urte, euskalduna zen. Nafarroako Estatuaren independentzia galtzeak eta Euskal Herriko goi klaseen hizkuntz kontzientzia urriak eragin dute euskararen herria txikitzea eta erdalduntzea. Egintza bikoitz horrek esplikatzen du gaztelaniak eta frantsesak ordezkatu izana euskara bere lurraldean. Haatik, euskararen komunitatea osotasunez berregin ahal izateko bere lurraldean, beharrezkoa da historian zehar egindako ibilbidea kontrako norabidean ibiltzea. Hau da, batetik, euskal estatua birkonkistatzea, beharrezko tresna politikoak izateko eta, bestetik, herritar klase guztien hizkuntz kontzientzia sendoa lortzea; egintza bikoitz horren sinergia etengabeak eragin dezan Euskal Herri euskalduna eta bere garapen iraunkorra.

Denbora igaro da eta Euskal Herriaren eskubideak ukatzeak, zatiketa administratiboa egonkortzeak, euskarari eremuak debekatzeak, joera negatiboak indartzeak eta euskararen aldeko kontzientzia ahultzeak badiraute. Egoera minorizatuan, estatu asimilatzaileen eraginpean eta egungo globalizazio uniformatzailearen garaian, aurrera ez egitea atzera egitea da. Testuinguru horretan, Jaurlaritzak «Pixka bat es mucho» kanpaina burutu berri du. Eta galderak sortzen dira: Euskal Herri euskaldunaren iraunkortasuna bermatzeko, pixka bat asko al da? Soziologia ideologiara erakartzeko, egokia al da?

Kanpaina horrek norberaren eleaniztasuna eta Euskal Herriaren menderatze linguistikoa nahasten ditu. Eta jarrera hori Jaurlaritzaren menpeko hizkuntz politikaren ezaugarria da: zapalkuntzaren aurrean men egitea eta oinarrizko berdintasuna ukatzea. Euskara pixka batekin ezinezkoa baita egoera minorizatua gainditzea, hizkuntz gatazka konpontzea, mendetasuna berdintasun bihurtzea eta hizkuntza-herri desegina osorik berregitea bere lurraldean. Pixka bat asko izango da euskararen herria galtzea edo, gehienez ere, hil hurren irautea nahi duenarentzat; baina Euskal Herri euskaldunaren eskubideak lortzeko, gutxieneko mailaren azpitik gelditzen da.

Ezinbestekoa da egungo hizkuntz eraketa sozialaren eredua aldatzea Euskal Herrian eta, horretarako, munduko herritarren, hizkuntzen eta herrien arteko berdintasunaren printzipio unibertsala erabili behar dugu: Euskara da Euskal Herriaren kendu ezinezko eskubide preskriba ezina, eskubide hori gauzatzeko euskal herritarrek erabakiko dituzte Euskal Herri euskaldunaren garapen iraunkorra bermatzeko beharrezko diren bitarteko guztiak, bi estatuen mugarik gabe; bitarteko horien artean daude euskararen ofizialtasun nahikoa zazpi herrialdeetan eta hizkuntza politika berria.

Euskal Herri euskaldunaren iraunkortasuna bermatzeko ez dago beste biderik. Batetik, egungo esparrua aldatzea eta marko demokratikoa bideratzea Euskal Herriarentzat. Bestetik, gaurdanik, tokian tokiko, arloz arloko eta behetik gorako eztabaida sozial irekia bideratzea; eragile ezberdinen artean bana-banako informazio/motibazio/inplikazio prozesu etengabea gauzatzea; prozesu hori neurri soziolinguistiko eta lege-arau eraginkorrez indartzea, euskara nagusi bihurtzeko Euskal Herri osoko funtzio nazional guztietan.

Politika horren alde gauden guztiok elkar harturik jokatu behar dugu, Euskal Herri euskalduna berreraikitzeko eta haren aurkako erasoei aurre egiteko. Derrigorrezkoa da alderdi politikoen batasuna, erakundeen laguntza, eragileen bultzada eta herritarren ekarpena; jakin badakigulako adostasun hutsak, berak bakarrik, ez duela balio; gai izan behar duela ere euskararen normalizazioa gutxieneko inflexio puntuaren gainetik bultzatzeko. Osterantzean, adostasun eta ikuspegi ezberdinen integrazioa izango dira, baina adostutako ekintzen azken eraginak ez dio egiazko bultzadarik emango Euskal Herria euskalduntzeko prozesuari, orain gertatzen den bezala.

Espainiaren menpeko hizkuntz politika autonomistan PP-PSOEk jartzen du ideologia politikoa eta Jaurlaritzak adostasuna. Franco hiltzean, ideologia horien ordezkariek zioten gaztelania beharrezkoa zela; orain, Hego Euskal Herriaren berezko hizkuntza dela; eta, bihar, euskara arrotza dela. Bi estatuen asimilaziozko politiken eragina neutralizatzeko behar-beharrezkoa da kultura bizkorra euskaraz garatzea, kultur prozesu ekoefizientea burutzea eta balioan jartzea. Jendea euskarazko ingurune bizietara erakartzeko, herritarren bizimodua hobetzeko eta bizitzea merezi duen jendartea eratzeko. Argi ibili, ordea, euskal estatua lortu bitartean eta lortu ondoren ere: eleaniztasuna beti da onuragarria norbanakoarentzat, baina herriarentzat, bakarrik, bere hizkuntza nazionalaren nagusitasuna gordetzen duenean. «Pixka bat» ezereza da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo