GARA > Idatzia > > Kultura

«Gizon ikusezina Azokan», Durangoko Euskal liburu eta Disko Azokaren irudi berria

Aritz Zabala gasteiztarraren kartela izan da lehiaketara aurkeztutako hogeita bi lanen artean aukeratu dutena, epaimahaiaren esanetan, haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» direla eta.

p042_f01_148x132.jpg

GARA | DURANGO

Abenduaren 5etik 8ra egingo den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak badu jada irudia; Gerediaga Elkarteak antolatutako lehiaketara hogeita bi kartel aurkeztu ondoren, Aritz Zabala 25 urteko gasteiztarraren irudia irten da garaile.

Aurtengo edizioaren egitarauaren gai nagusia irudia izango da. Zabalak berak pertsonaia baten irudia islatu nahi izan du bere lanean, betaurrekoak, aurikularrak eta txapela dituen pertsonaia batena, hain zuzen ere. Atzo egin zen aurkezpenean elementu bakoitzaren funtzioa zein den ere argitu zuen egileak berak: «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kulturarekin eta euskararekin duen harremana adierazteko».

«Gizon ikusezina Azokan» goiburuarekin aurkeztu zuen Zabalak bere kartela lehiaketara, eta agertzen diren elementu guztiak gizon ikusezina osatuz ipinita, «pertsonaia literario bati keinu egiten» diola gaineratu zuen.

Aritz Zabalak, Publizitate Grafikoaz gain, Argitalpenen Diseinua eta Ekoizpena ikasketak egin ditu. Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako Eskola Kontseiluen XVIII. Topaketa iragartzeko logotipo eta kartel lehiaketaren irabazlea ere izan da. Azken sari honekin 1.300 euro jasoko ditu.

Epaimahaia osatu duten bost lagunek -Gerediaga elkarteko kide bik eta diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloko beste hiru profesionalek- haren «inpaktu bisuala, mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartuta aukeratu dute Zabalaren lana.

Aurten ere Durangoko Landako erakustazoka euskaraz idatzitako lanez eta euskal gaiak beste edozein hizkuntzatan biltzen dituzten argitalpenez beteko da lau egunez.

Gerediaga elkarteak antolatzen duen azokak bost sail -editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragileak- izango ditu, eta atzo jakinarazi zutenez, egunero goizeko hamarretan irekiko ditu ateak, iluntzeko zortziak arte.

LAN GUTXIAGO

Gerediaga elkarteak bigarrenez antolatu du kartela hautatzeko lehiaketa. Oraingoan hogeita bi lan aurkeztu dira, iazkoen erdiak. Orduan berrogeita sei izan ziren hautagaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo