Euskal Herriko historiaren urrats nagusiak eskaintzen dituen atlas berria kalean
GARA | DONOSTIA
Elkar argitaletxearen eskutik atzo aurkeztu zuten Euskal Herriko Atlas historiko berria, Eduardo Perezek egina. Historiari gainbegiratu bat egitea da eskuliburuak dituen 184 orrialdeen bidez bilatzen duena. Atlasak, beraz, Historiaren ikuspegi orokor bat ematea du helburu. Izaki bizidunen sorrerari buruzko sarreratxo baten ondoren, «Euskal Herria Munduan» lanak, historiaurretik gaur egunera arteko historia du aztergai. Oinarrizko erreferentziatzat Euskal Herriko historia hartu arren, Historia orokorraren hainbat pasarteren eta atalen ikuspegia ere eskainiz, aztertzen ditu, besteak beste, lehen zibilizazioak, Grezia, Erroma, Islama, Antzinako Erregimena, monarkia autoritariotik absolutismorako tartea, Amerikaren aurkikuntza, Errenazimentua eta Barrokoa Europan eta Liberalismoa. Hala ere, aipatu dutenez, Euskal Herriko Historia da atlasaren muina eta horregatik jarri dute azpitituluan «Euskal Herria munduan».
Baita irakasgairako ere
Atlas Historikoak halere, badu beste helbururik: irakasgairako lagungarri izatea, hain zuzen, eta, hartara, ikasleei ulertarazi nahi die denboran zehar gizarteen bilakaera zein izan den .
Horretarako, gizarteen espazio dimentsioari eta lurralde-osaerari buruzko hainbat argibide ematen du. Aurkezpenean azaldu dutenez, lana prestatzean Gizarte Zientzietako ikasle gazteak ere aintzat hartu dituzte, eta azken batean, Euskal Herriko historiaren ikuspegi orokorra izan nahi duen edozein pertsonarentzat egokia dela ere azpimarratu dute.
Egilea, Eduardo Perez Rodriguez, hainbat urtez irakasle lanetan ibili ostean, azken urteotan Administrazioan ari da, Hezkuntzaren Berriztatzeko arloan.