GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Herrira itzultzeko debekua ezarrita askatu dituzte Flores, Susperregi eta Barnetxe

Aske dira «Kalaka» afera dela-eta gatibu zituzten azken hiru euskal herritarrak. Libre, baina Euskal Herrira itzultzea galarazi diete, baita berrogehi pertsona zehatzekin hartu-emanak izatea ere.

p017_f01_4848.jpg

GARA |

Mixel Barnetxe eta Pantxo Flores baxenabartarrak, eta Xabier Susperregi errenteriarra baldintzapeko askatasunean aske utzi zituen astelehen iluntzean Parisek, hain zuzen espetxera eraman zituen Donibane Garaziko Kalaka herriko tabernaren aurkako polizia operazioaren lehen urteurrena bete eta egun gutxira. Aske, baina kontrol judizialaren menpe izango dira hiru euskal herritarrak eta, gainera, Euskal Herrira itzultzeko debekua ezarri die Parisko Auzitegiak. Ostiralean askatasuna berreskuratu zuen Cedric Garairi ere neurri berak ezarri dizkiote.

Iazko irailaren 24an Polizia frantsesak hamahiru euskal herritar atxiloturik eraman zitueneko operazioak urtebeteko ibilera egin ostean, eta berriki «Kalaka» afera dela-eta atxiloketa gehiago egin ostean, astelehenean askatu zituzten urtebete espetxean igaro duten Xabier Susperregi, Pantxo Flores eta Mixel Barnetxe. Ostiralean askatu zuten Cedric Garairekin, «Kalaka» auziagatik kartzelan zeuden bakarrak ziren hiruok.

Bois d'Arcy, Poitiers eta Agengo espetxeetatik irten ziren astelehenean Xabier Susperregi, Pantxo Flores eta Mixel Barnetxe, hurrenez hurren. Baina Yolanda Molina abokatuak GARAri azaldutakoaren arabera, Pirineo Atlantikoetako Departamentuan, beraz, Euskal Herrian, bizitzeko debekua ere ezarri diete. Hori gutxi ez eta, gainera, astero Polizia frantsesaren komisariara birritan bertaratzera behartuta egongo dira hiruak.

Berrogei pertsonako zerrenda

Baldintzapeko askatasunaren neurrien zorroztasun horrek euskal herritarrekiko Parisen erabakien gogortzea erakusten du, azken polizia operazioek eta atxiloketek bezala.

Neurri horiei, gainera, hirugarren bat gehitu die Estatu frantseseko auzitegi bereziak: askatu berri dituzten lau lagunei berrogehi pertsonako zerrenda osatu du Parisko auzitegi bereziak, eta horiekin hartu-emana izateko debekua ere gaineratu die lau euskal herritarrei.

Askatasunak, lau herritarroi ezarritako neurriak deitoratzeaz gain, «muntaia polizial baten biktimak» direla salatu du.

Ducassen jatetxea eta Kalaka herrikoa aitzakia gisa erabiliz

Hasieran, Alain Ducass sukaldari frantsesaren aurka orain urte eta erdi egindako sabotajea erabili zuten aitzakiatzat. Hori izan zen Polizia frantsesak eta Laurence Le Vert epaileak Lapurdi eta Nafarroa Beherean 2007ko irailaren 24an egindako polizia operazioa argudiatzeko azaldu zuten arrazoia. Orduan, hamahiru herritar atzeman eta makina bat etxe, lokal eta taberna miatu zituzten. Tartean, Donibane Garaziko Kalaka herrikoa.

Gehienak aske gelditu ziren hurrengo egunetan. Zazpi, ordea, espetxeratu eta bakartu egin zituzten. Baldintza gogor horien ondorioz saiatu zen Ortzaizeko Jon Bidart bere buruaz beste egiten iazko azaroan. Gero, baldintzapean askatu zuten. Orduz geroztik, atxiloketa gehiago izan dira bai Ducassen aurkako sabotajea edota «Kalaka» afera argudiotzat hartuta.

Horren adibide izan ziren irailaren 22an, «Kalaka» operazioa salatzeko Garazin egindako manifestazioaren biharamunean, Jendarmeriak egin zituen sei atxiloketak. Hurrengo egunerako guztiak aske ziren. Baina hortik bi egunera, Le Vert epaileak gidatu zuen beste polizia operazioa izan zen, Batasuneko hamalau militante atxilotzeko. Aitzakia bera erabili zuten, ordea. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo