GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hyman Minsky eta ahaztuen galeria

Betikoan gaude, beraz: ez da egia «inor ez zela gertatzen ari dena aurreikusteko gai izan»; baizik eta, ohi bezala, aurreikuspen txarrak zekartzanari kasurik ez zitzaiola egin

Batzuen harrokeriak, askoren usteak eta denon dirutzak lurperatu ahala, badirudi ahanzturan ehortzita zeuden gomuta batzuk berpizteko ahalmena ere baduela krisiaren mamuak.

Gehiegitxo izango litzateke 1929ko Depresiotzarra edota John M. Keynes berpiztu dituela esatea. Anabasa gogoangarri haren oroitzapena ez da inoiz ez erabat hil ez suntsitu. Eta hartatik ateratzeko irizpide ekonomikoak urratu zituenaren ospea ere ez da inoiz erabat itzali, batzuek hamaika listukada jaurti badiote ere.

Inor gutxi oroituko zen, ordea, duela hamarkada bat urte demagun, Keyenesen oinordekoetakotzat jo izan ohi den Hyman Minsky hartaz. Gehienera, ekonomiaren hausnartzaile akademiko batzuek, eta «Minsky moment» izeneko zerbait bazela aditzera iritsi zen espekulatzaileren batek, izango zuten Chicagon 1919an jaio eta 1996an hildako errusiar judu militante iraultzaileen seme haren berri. Chicagokoa bai, baina ez Chicagoko Eskolakoa (Schumpeter eta Leontiefen ikaslea izan baitzen ere Harvarden), eta ekonomialaria izan baino lehenago matematikaria, finantza espekulazioaren mekanismoak eta haiek ekonomiaren zikloekin zuten giltzadura, oso bereziki maileguen alorrean, ikertzen eman zuen bizitza Minskyk.

Errusian 1998ko finantza krisia lehertu zenean oroitu zen norbait ordurako hila zen Minsky haren aurreikuspenez, eta deitu zion «Minsky momentua» burbuila espekulatiboa gainbehera abiatzen deneko uneari. Hau da, gehiegi zorpetutako espekulatzaileak, erabat itota aurkitzen denean, ahal duen guztia ahal duen moduan saltzeari ekin behar izaten dion une erabakigarri horri. Estatu Batuetako etxebizitzen hipoteken burbuilan iazko udan jazo omen zen delako momentua, «adituek» orain aitortzen dutenez... Minskyren obren berrargitalpenak, eta batez ere hark idatzi zuen Keynesen biografia irakurtzeari ekiten dioten bitartean.

Betikoan gaude, beraz: ez da egia «inor ez zela gertatzen ari dena aurreikusteko gai izan»; baizik eta, ohi bezala, aurreikuspen txarrak zekartzanari kasurik ez zitzaiola egin. Horregatik, orain Minsky berpiztu eta aldareetara goraltxatzen duten horiek pittin bat ezagutzeko motiborik badugulako, hasi beharko genuke agian Ahaztuen Galeriako beste norbaitez ere gehixeago hitz egiten. Corrado Gini, italiarra, Ducearen jarraitzailea hastapenetan, gero faxismotik aldendua, estatistikaria eta demografoa, ia garaikidea izan baitzuen Minskyk. Eta haren kasuan bezala, diru-sarreren ezberdintasuna neurtzea helburu duen Gini Koefizienteak ere ez du arrakasta handirik aurkitu jendartean daramatzan ia ehun urte hauetan. Ez behintzat gure gizarte «aurreratuak» zuzendu (?) dituzten eliteen artean.

Seguru aski, Gini Koefizientea ez da diru-ezberdintasunak neurtzeko asma litekeen tresnarik zorrotzena. Baina nahikoa da haren bilakaera herrialdez herrialde begiztatzea azkenetan omen dugun aro ekonomikoaren ezaugarri nagusietako bat ikusteko: zenbat hazi den ezberdintasuna ia Mendebalde osoan, batez ere azken 20 urteotan.

Etorkizunean bide horri eutsi behar ote zaion eztabaidatzeko garai aproposa izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo