Ihesaldi batek 150 erromesen heriotza eragin du Indiako Chamunda tenplu hinduan
Navaratra jaialdiaren hasiera ospatzen ari ziren 150 erromes hil ziren Chamunda tenpluan, Indiako Rajasthan estatuan. Ez dago argi arrapaladako ihesaldi horren zergatia. Poliziak jende gehiegi zegoela uste du. Beste iturri batzuen arabera, harresi bat erori zen.
GARA |
Bapatean jendea arrapaladan ihes egin nahian hasi, eta gutxienez 150 erromes hil ziren atzo Chamunda izeneko templu hinduan, Indiako ipar-mendebaldeko Rajasthan estatuan, Jodhpur herritik gertu.
Hinduen ospakizun erlijioso garrantzitsuena den Navaratrari hasiera emateko 25.000 lagunetik gora joan ziren Jodhpurrera. Chamunda XV. mendeko Mehrangarh gotorlekuaren barruan dago, Jopudhrren gainean.
Ez dago argi tenplutik 50 metrotara arrapaladako ihesaldi hori zerk eragin zuen. Rajasthaneko Barne idazkari S. N. Thanvik honakoa adierazi zuen: «Den-dena ziztu bizian gertatu zen. Pertsona bat erori zen eta beste guztiak haren atzetik. Gehienak itota hil ziren».
Tenplura daraman aldapa oso estua da. Bi kilometroko luzera du eta zabaleran metro eskas batzuk. Estua izateaz gain, bitan banatu zuten agintariek, ilara bat gizonentzat eta bestea emakume eta umeentzat.
Ihesaldia gertatu zen unean, gutxienez 10.000 lagun zeuden bertan. Guztiek sartu nahi zuten barrura, otoitza hastekoa baitzen. Jodhpurreko poliziaburuak, Malini Agarwalek, gehiegizko jendetzari egotzi zion gertatutakoa.
Beste iturri batzuen arabera, harresi bat erori zen han. Zurrumurrua zabaldu, eta erromesen artean ikara sorrarazi zuen, eta maldan behera korrika hasi ziren. «Oraindik jendea dago harresi azpian. Hortik ateratzen saiatzen ari gara», jakinarazi zuen Kiran Soni Gupta poliziak. Agintariek ikerketa abiarazi dute.
Nahasmena nagusi
«Jendea bata bestearen gainean erortzen zen. Asko korrika hasi ziren, baina milaka oinen artean harrapatuta gelditu ziren», azaldu zion lekuko batek Reuters agentziari.
«Lagun batekin elkartu behar nuen goizean otoitz egiteko baina apur bat berandu iritsi naiz. Iristean, nahasmena besterik ez zegoen. Laguna topatu nuenean, konorterik gabe zegoen baina ez zuen zauri larririk», esan zuen lekuko batek.
Laguntza taldeak iritsi bitartean, erromesek beraiek egin zuten medikuen lana, larri zeudenak lagunduz eta polizia kotxeetaraino eramanez.
Halako ihesaldiak maiz gertatzen dira Indiako ospakizun erlijiosoetan. Abuztuan, 145 erromes hil ziren egoera bertsuan Himachal Pradesheko tenplu batean. 2005eko urtarrilean, gutxienez beste 265 hil ziren Maharashtran.