Paris, jazarpen gero eta handiagoari helduta, eskubideak aintzat hartzen ez dituen bidean
Urtebete eman dute kartzelan Mixel Barnetxe, Pantxo Flores eta Xabier Susperregik, ostiralean aske irten zen Cedric Garaik bezalatsu. Baldintzapeko askatasunean daude laurak, baina ezohiko neurrien mende. Neurri ezohiko eta gogorrak. Izan ere, Euskal Herrira itzultzea galarazi diete, eta astean bi aldiz polizia-etxean aurkeztu behar dute beren burua. Gainera, beste debeku bat ezarri diete: Beren 40 lagun edo ezagunekin harremanak izatea. Neurri horiek Parisek euskal herritarrei ematen dien tratu gero eta gogorragoaren erakusgarri argia da. Ducassen aurkako sabotajearekin lotuta atxilotu zituzten hamahiru lagunetarik inor ez da kartzelan jadanik; baina polizi operazio haren ondoren euskal herritar gehiago atxilotu izan ditu Polizia frantsesak kasu berarekin lotuz. Urrunera gabe, iragan astean, alde batetik sei lagun eta beste batetik hamalau atxilotu zituzten, nahiz eta atxilotuei egindako galdeketak ez zuen Ducassen aurkako sabotajearekin zerikusirik izan. Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasunaren goranzko joera ikusita, Parisi jazarpena, errepresioa baizik ez zaio bururatu erantzun gisa. Eta bide horretan herritarren eskubideak ustezko eraginkortasunaren mende daude.