GARA > Idatzia > > Kirolak

SURFA Txapelketa gaur Sopelan hastea espero dute

Txaber Trojaolak lehen aldiz parte hartuko du Mundakan

Gabe Kling estatubatuarrak uko egin dio lehiaketari eta bere lekua bakiotarrak hartuko du. Gainera, ETBk azken orduan jakinarazi zuenez, Tim Boal min hartuta dago eta bere lekua Eneko Acerok hartuko du.

p039_f01_444x444.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Mundakako Billabong Pro Surf Txapelketaren hasiera beste egun bat atzeratu behar izan zuten, atzo ere olatuen kalitatea ez zelako nahi bezain ona. Surflariak gaur 08.00etarako deituta daude, berriz ere Sopelako Arrietara hondartzan. Itsasoaren egoera aproposagoa izango delakoan, gaur eta bihar artean lehiaketako aurreneko txandak jokatu ahal izatea espero dute antolatzaileek. Oraingoz, zaharrak berri.

Eta uretan albisterik ez zegoenez, uretatik kanpora gertatutakoek eman zuten zeresana Bizkaiko kostaldean. Berririk onena Txaber Trojaola surflari bakiotarrak txapelketan parte hartzeko aukera izango duela da. Gabe Kling estatubatuarrak uko egin dio azken unean Mundakako probari -Brasil aldera joatea erabaki du Rio de Janeiron aurki jokatuko den sei izarreko WQS proban parte hartzeko- eta haren lekua surflari bizkaitarrak hartuko du.

Euskal Herriko surflari onentsuenetako bat izan arren eta Bizkaian jaioa izan arren, Mundakan parte hartuko duen lehen aldia izango da Txaber Trojaolarentzat. Zarautzen hirugarren txandara iritsi zen eta Euskal Surf Zirkuituan bera da liderra lehen proba Barinatxen irabazi eta Orruan jokatuko den azken probaren faltan.

Albisteak ez dira hor amaitzen. ETBk azken orduan jakinarazi zuenez, Tim Boal lapurtarra -Zarautzen irabazle izan zena eta datorren urtean WCTan arituko dena- min hartuta dago eta bere lekua Eneko Acero beteranoak beteko du. Bizkaiko surfak, beraz, bi ordezkari izango ditu bat-batean.

Hala, Europako bederatzi surflarik parte hartuko dute Mundakako txapelketan, horietatik bost euskaldunak: Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Marcos Sansegundo, Txaber Trojaola, Eneko Acero, Jeremy Flores (Reunion irla), Reubyn Ash, Mikael Picon eta Tiago Pires. Inor gutxik pentsa zezakeen orain urte batzuk Kontinente Zaharrak horrelako lehiaketa batean halako ordezkaritza izan zezakeenik.

Kanporaketa berriak

Txaber Trojaola eta Eneko Acero sartu izanak zenbait aldaketa ekarriko ditu lehen txandako kanporaketetan, neurketak surflari bakoitzak rankingean duen postuaren arabera egiten baitira. Hasiera batean, Hodei Colazo zazpigarren txandara pasatzekoa zen, Joel Parkinson eta Tim Reyes-ekin neurtzeko. Eta Txaber Trojaola hamargarren txandan sartzekoa zen uretara Bede Durbidge eta Tom Whitaker-ekin batera. Atzo gauean ziurtatu gabe zegoen oraindik Eneko Acero bosgarren txandan arituko zen ala besteren batean.

 
ALDAKETAK

Azken orduan aldaketa asko izan ditu lehiaketak. Txaber Trojaola eta Eneko Acerorekin, Bizkaiko surfak bi ordezkari izango ditu txapelketan eta lehen kanporaketako txandetan aldaketa nabarmenak egongo dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo