Kazeta.info sarean
Erakusleiho berri bat zabaldu da euskaraz eta Interneten
Ipar Euskal Herria, batez ere, barnealdea, ardatz dituena, euskaraz, Interneten eta parte-hartzea eta informazioaren demokratizazioa helburu dituena. Horrela definitu dute gaurdanik sarean izango den komunikabide berria. Iparla Komunikazio Elkarteak bultzatu du «Kazeta.info» proiektua eta sustatzaileak aurkezpen ekitaldian aditzera eman zutenez, lehia egitera barik, somatu duten hutsune bat betetzera datoz. Oinarrian bokazio argia du: «Tresna bat zabaldu nahi dugu guztiontzat, eta arrakastatsua izango da denok horren beharra ikusten dugun neurrian».
Maider EIZMENDI | BIDARTE
Goizeko bederatziak jotzean irekiko ditu ateak www.kazeta.info, Interneteko komunikabide berriak. Atzo arratsaldean arduradunek eginiko agerraldian aditzera eman zutenez, proiektu irekia izatearen bokazio garbiz ikusiko du argia, eta ez du xede inori konpetentzia egitea: «Ipar Euskal Herrian badira beste komunikabide batzuk euskaraz ari direnak aspalditik, irratigintzan nahiz prentsa idatzian, eta lan oso ona eginaz gainera; baina ikusi dugu hutsune bat eta horri erantzun nahi diogu, Internetez eta euskaraz komunikabide berria sortzea», azaldu zuen proiektuaren bultzatzaile den Iparla Komunikazio Elkarteko presidente Agus Hernanek. Berezitasunak ere agertu zituen: «Egunkari askok sartzen dute bere egunkaria Interneten; funtsean, beraz, proiektua idatzizko edizioan oinarritzen da; gure proiektua, ordea, Interneten oinarritzen da, eta gisa horretan definitzen da informazioa lantzeko modua ere».
Maite Ubiria komunikabidearen editore arduradunak azaldu zuenez, komunikabide arloan, euskaraz aritzen direnak egon baldin badaude ere, «oraindik ere frantsesaren nagusitasuna une batzuetan itogarria da». Zentzu horretan, oinarrizkotzat jo zuten proiektuaren sustatzaileek aurrera begira eta, batez ere, jende gazteari zuzenduta bide berriak zabaltzea euskara egoera normalizatu batean kokatzeko». Izan ere, Ubiriak gogora ekarri zuenez, azken Inkesta Soziolinguistikoak nabarmendu zuen «belaunaldi berri bat datorrela euskararen arloan tresna gehiago dituena».
Sarean murgiltzea oinarrizkotzat jo dute: «Teknologia berriek egundoko tokia hartu dute gure bizitza arruntean; gaur egun gero eta jende gehiagok begiratzen dio Interneti eta handik jasotzen ditu berriak egunero edota maiztasun handiarekin». Hala, euskararekin batera, informazioa demokratizatzeko aukera ere beren lehentasunetako bat da eta, bide horretan, teknologia berriek bide oparoa eskaintzen dute: «Ahalbideratzen du informazio konpartitzea, informazio sistema irekiagoak sortzea, eta hori da gure asmoa».
Hala, hiru herrialdeetako tokiko informazioa, Euskal Herri mailako berriak, mundu zabalean gertatzen direnak, zein kultura eta kirol arlokoak jasotzeaz gain, iritziari tarte berezia eskainiko diote: «Euskal eragileek eta gizarte eragileen lanaren isla ere batuko dugu; era askotako komunikabideetan euskaraz aritzen diren kazetariak ere plazaratuko dituzte beren iritziak; zubi-lan bat egin nahi dugu, beraz». Azken batean, adierazi zuen Ubiriak komunikabideak berak ez duela gailentasuna hartu behar, «euskal eragileek, kazetariek eta Ipar Euskal Herriko gizarteak bilakatu behar du protagonista; finean, ez gara egunkari baten isla, guk Ipar Euskal Herriko hedabide guztiak ditugu atzean eta horrek zailtasunak bai, baina bide irekiagoak izatea ere ahalbideratzen du».
«Informazio oreka»
Bide berean, informazio eta iritziarekin batera audio eta bideoa ere izango dira aukeran webgunean. «Oraingoz ez dugu buruan guk kudeatzea; akordio batzuk sinatuko ditugu jada bide hori egin duten eragileekin eta toki bat eskainiko diegu beren bideoak eta fitxategiak sarearen bidez zabaltzeko».
Orotariko informazioak landuko badituzte ere, Kazeta.inforen «gune naturala Ipar Euskal Herria» izango da eta bereziki barnealdea. «Gure hiru lurralde hauetan desoreka handia dago biztanleriaren aldetik eta bitarteko aldetik ere bai, kosta eta barnealdearen artean; gure asmoa pauso bat ematea da oreka berri baten bila». Hain zuzen, gaur ateak zabalduko dituen komunikabide berriaren egoitza Donibane Garazin dago eta Urruñan ere beste bulego bat izango du.
Hartzaileen artean, ez zuten profilik marraztu: «Izatez teknologia berriak aipatzean belaunaldi gazteetan pentsatzeko joera izaten da eta horiengana zu- zentzen gara eurei baitagokie euskarari bultzada berri bat ematea; gainera, sarea naturaltasunez bizi dute. Baina edozein euskaldunek izango du aukera informazio gehigarri bat izateko bere inguruan gertatzen diren tokiko albisteez; Ipar Euskal Herrian bizi ez den jendeak ere har dezake sorpresaren bat webgunean, askotan ezezagun den gure herriaren zati bat ezagutzeko parada izango delako».
Goizeko bederatzietan estreinatuko da webgunea eta azaldu zutenez, aberastuz eta edukiz osatuz joango da datozen egun eta asteetan proiektuan parte hartzen duten zein bidelagun izango dituzten kolaboratzaile guztien laguntzarekin.
Hasiera batean sarean edukiak ikustekoa aukera izango bada ere, aurrerago posible izango da komunikabideak zabaltzen duen informazioa e-mail bidez jasotzea ere. Webgunean bertan eskaera egitea nahikoa izango da horretarako.
Donibane Garazin kokatuko da «Kazeta.info» komunikabide berriaren egoitza nagusia, eta Urruñan izango du beste bulegoa. Lan- talde txikiarekin abiatuko da, baina kolaboratzaile anitzez inguratuko da informazioa osatu eta iritziak kaleratzeko.
Iparla Komunikazio Elkarteak bultzatu du «www.kazeta.info» proiektuaren abiatzea, eta jasotako dirulaguntzek ere ahalbideratu dute hori. Agus Hernan Iparla elkarteko presidenteak aditzera eman zuenez, finantzatzeko hiru iturri nagusi izan dituzte. Iturri nagusia «Leader+» europar proiektuaren eskutik jaso dutena da, diru horrekin proiektua abiatzeko oinarrizkoa den ekipamendua erosteko aukera izan dutelako.
Baina bidean eskuratu zuten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 140 herri batzen dituen Euskal Kulturaren Sustatzeko Sindikatuaren eskutik Ekimen Saria eta honi dagokion dirua, eta hori lagungarri ez ezik, pozgarri ere suertatu da.
Gainera, enpresa pribatuei dagokienez, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartetik (EKHE) ere jaso dute dirulaguntza proiektuak aurrera egin dezan. «Guztiekin lortu dugu proiektu honek lehen pausoak eman eta abian jar dadin», nabarmendu zuen Iparla Komunikazio Elkarteko presidenteak.
Baina aurrera begira, eta, bide luzea egin nahi bada finantziazioa iraunkor bihurtu behar dela nabarmendu zuen Hernanek. «Iparla Komunikazio Elkartea gaur egun Bidarrain dago Iparla mendiaren magalean, baina oraindik beharrezkoa da Iparla mendia igotzea eta hori bide luze eta neketsua da», ohartarazi zuen metafora baliatuz.
Horregatik dei bat egin zien botere publikoei eta, bereziki, euskal erakunde publikoei, «euskararen normalizazioaren zerbitzura abiatzen den tresna hau diruz lagun dezaten, proiektuak iraunkortasuna lortzeko».
Zentzu berean mintzatu zen Maite Ubiria, komunikabideko editore arduraduna: «Finantziazio arazoa konpontzea ez dagokigu guri bakarrik, ez baitugu sortzen komunikabide bat geuretzat soilik; zerbitzu publiko bat emango dugu eta espero dugu hemengo erakundeek ere beren ardura hartuko dutela eta konpromiso bat agertuko dutela, gure ustea baita, proiektu honek guztiontzako ekarriko duela onura».
Pasa den urtean jaso zuen proiektuak Euskal Kulturaren Sustatzeko Sindikatuaren eskutik Ekimen Saria; Agende Pays Basque des NTIC delakoak ANTIC Label aintzatespena egin dio orain komunikabide berriari.