GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Bilbotarraren lan berria

Kepa Junkerak gonbidatuz betea aurkeztu digu «Etxea»

«Bada herri musikari bat, non munduko herri guztiak ordezkaturik dauden, guztientzako etxe bat bailitzan. Horren guztiaren arkitekto eta igeltseroa Kepa da». Saramagoren aurkezpen horrek irekitzen du Kepa Junkeraren lan berria, atzerriko kantarien ahotsetan euskal kantu tradizionalak jartzen dituen «Etxea» lan bikoitza.

p008_f01_235x140.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Soinu txikia lagun, munduan zehar egindako bidaietan ezagutu dituen toki eta izandako bizipenak «Hiri» lanean (Elkar, 2006) bilduta plazaratu ostean -World Music Charts Europek 2007ko world music diskorik onena aukeratua-, kanpoko lagunak etxera gonbidatu ditu Kepa Junkera bilbotar trikitilariak, eta euskal doinu herrikoi eta tradizionalak kantatzen jarri ditu atzerriko makina bat artista.

Arriaga antzoki dotoreko besaulki-patioan genuen atzokoan hitzordua Kepa Junkerarekin, bertan aurkeztu eta entzunarazi baitzigun bukatu berria duen «Etxea» egitasmoa, Warner erraldoiak editatu eta banatuko duena. Euskal doinu tradizionalak aukeratu eta moldatu ditu bertan, atzerriko hamabost musikari eta berrogeita bi kantarik parte hartu duten egitasmo potolo eta zabal bat gauzatzeko. «Abesti tradizionalek eta euskarak ongietorria egin zieten eraikuntzan parte hartzera hurbildutako guztiei», esan zuen Junkerak egitasmo erraldoi honetan parte hartu duen lagun andanari buruz, eta behin eraikina jasota, «zatoz nahi duzunean. Gure etxea zabalik dago, giltza kanpoan aurkituko duzu jarrita» luzatu dio gonbitea entzuleari, doinu eder hauek orain arte arrotz genituen ahotsetan goza ditzan.

Parte hartze zabala

Euskal kantutegi tradizionaleko hogeita zazpi abesti hautatu ditu Junkerak, lan honetan hogei kantutan bilduak emateko. Horretarako, berrogeita bi abeslari izan ditu ondoan, Iberiar Penintsulakoak gehienak. «Baikorra izan ohi naiz eta egitasmo honetan parte hartzeko aukeratutako artistei deitu nienean (posta elektronikoz), `noiz eta nola egin' galdezka jaso nituen erantzunik gehienak».

Kantu batzuen moldaketak egitean doinu bat baino gehiago uztartu ditu bilbotarrak, eta zenbait kantutan kantari batek baino gehiagok, bizpahiruk ere abesten dute. Gainera, eta harrigarriro, lan mardul honetan txikia da Junkeraren trikiak duen presentzia. «Beste plano batean nago, bai. Egitasmo honetan banago eta ez nago, trikiaren agerpen txikiekin. Ez dut kanta guztietan parte hartu beharrik».

«Egitasmoaren oinarria oso zirraragarria izan da» Junkeraren hitzetan. «Nire etxera etorriko bazina, nire esku dagoen guztia egingo nuke eroso senti zaitezen. Hori bera da `Etxea' diskoaren kontzeptua». Lana modu egokian burutu ahal izateko, maketa bat grabatu zuen aurrena (Jose Luis Canal, David Nanclares eta Garbiñe Insaustirekin Balea estudioetan), lanak bilduko zituen artista guztiei igorri ziena, hitz eta doinuekin harremanetan jar zitezen, «lana prestatzerakoan ez gara-eta denboraren beldur izan». Batetik bestera joan ziren gero, taldeka grabaketei ekiteko. Aurrena, Jose Antonio Ramosekin (eta Polo Ortirekin) Bilbon hasita, musikarien txanda: Roberto Fonseca (Habanan), Pedro Joia eta Antonio Chainho (Lisboan), Chano Dominguez, Enrique Telleria y los Tactequete (Bartzelonan) eta Michel Camilo, Emilio Aragon, Agustin Carbonell «El Bola», Luis Delgado eta Mikel Irazoki (Madrilen).

Kantariena, gero: Amancio Prada, Ana Belen, Andres Calamaro, Andres Suarez, Antonio Orozco, Luis Eduardo Aute, Carlos Chaouen, Carmen Paris, Dulce Pontes, Eliseo Parra, Emilio Aragon, Estrella Morente, Filipa Pais, Ginesa Ortega, Guadi Galego, Jaime Urrutia, Joao Afonso, Joaquin Diaz, Leo Minax, Lidia Pujol, Lluis Llach, Lourdes Guerra, Loquillo, Luis Pastor, Luis Ramiro, Mafalda Arnauth, Manuel Luna, Maria del Mar Bonet, Marina Rossell, Miguel Bose, Olga Cerpa, Pau Dones, Pedro Guerra, Santiago Auseron, Seydu, Sole Gimenez, Teresa Salgueiro, Tito Paris, Uxia, Victor Manuel, Vitorino eta Xabier Diaz. «Lau baino ez dira, gonbidatutakoen artean, ezezkoa eman zigutenak, agenda arazoak tarteko».

Musikariekin lan egitera ohituta dago, baina «kantariek aparteko izatea dute, eta hein batean beraiekin elkarlana berria nuen» onartu du trikitilariak. Lan honetan, «kantari bakoitzak badu bere izaera eta kantatzeko modua, azken emaitza aberasten duena». Gehienak gaztelaniaz eta portugeses abestera daude ohituta, Iberiar Penintsula, Kuba edo Cabo Verdekoak baitira.

Artisten artean aukeraketa egiteko eskatuta (nork harritu zuen gehien?), tentuz mintzo da Junkera, «denek dute zerbait interesgarria», baina Lluis Llachen aipamena egin zuen, harro. «Lluisek utzita dauka kantagintza, eta, kale egingo zigula esan arren, berarentzat aukeratu genuen kantua bidaltzeko esan zigun, jakin-minez», aipatu zuen, harro. «Polita da oso artistengan jakin-mina eta interesa sortzeko gai izatea».

Hautatutako kantuen artean, «Haurtxo txikia», «Bautista Basterretxe», «Bazkaldurikan bapo-bapo», «Urzo xuria», «Maitia nun zira», «Ikusten duzu goizean», «Prima eijerra», «Oh Pello Pello», «Orain kantatuko dut», «Madalenara», «Hiru damatxo», «Iruten ari nuzu», «Xarmagarria zira», «Miru zuria», «Ikusi nuenean», «Loriak udan», «Lili eder bat badut nik», «Bermeoko Portua», eta «Joxe Migelen batela» herrikoiak. Baita honakoak ere: C. M. Alberdiren «Din Don», Roger Idiarten «Oriko txoria», Antonio Urbietaren «Nere Sentimendua», Patri Urkizuren «Haika mutil», Jean Baptiste Elizanbururen «Ikusten duzu goizean», Iparragirreren «Hara nun diran» eta Bilintxen «Triste bizi naiz eta» edo «Behin batean Loiolan».

Euskaraz kantatzeari dagokionez, «ez da inolako aurreiritzi edo konplexurik sortu artisten artean», eta «kantari gehienek oso maila ona eman dute ahoskatzerakoan». Finean, «jai giroko hitzordu bat egin genuen, eta lan honen prestaketan primeran pasa dugu denon artean». Bitxikeria gisa, «bagenuen kaiera eder bat estudioan, eta lan honetan parte hartutako guztiei bertan etxe bat marrazteko eskatu genien», esan digu Kepak, pozik. Ohi legez, Xabier Amuriza idazle eta bertsolariaren laguntza jaso du berriro Junkerak, euskarazko testuak atondu eta kantu bakoitzari bere ikuspegia gehitzeko, liburuxkan ageri diren testu laburren bitartez.

Lanak atzerriko ahotsetan euskarazko kantuak jarri eta izan dezakeen harrerari buruz itaunduta, «parte hartzen dudan egitasmo guztietan, eraikitzea dut buruan, inoiz ez banatzea», azaldu digu Junkerak, eta emaitza «zubi-lanak egin izan dituztenei, euskal kantariei», eskertu nahi lieke, «Txomin Artola, Amaia Zubiria, Natxo De Felipe eta Oskorriko lagun guztiak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi...»; eta bereziki, diskoko liburuxkan dioenez, aitari: «Berak benetan badakielako etxe bat eraikitzea zer den».

Etorkizuneko erronkei dagokienez, oraindik urte askotako lana duela aurretik nabarmendu zuen bilbotarrak. «Etxeak eraikitzen jarraituko dugu, eta egitasmo aberasgarri eta zirraragarrietan parte hartzen, ahal den neurrian. Oraindik lehen solairura baino ez naiz-eta iritsi». Teilatura noiz iritsiko, «Etxea» eraikitzeko oinarri sendoa jarri du Kepa Junkerak, inguruko artistek lagunduta.

Gabonetan, zuzenean

Gabonetan, abenduaren 22an eta 23an, lana zuzenekora eramateko asmoa agertu zuen Junkerak. «Bi kontzertu emango ditugu Arriaga eder honetan, eta «Etxea» egiten parte hartu duten artista guztiak gonbidatuko ditugu, nahi duena kantatzera etor dadin», aurreratu zigun pozik trikitilariak, eta «jasotako etekinak behartsuei laguntzen diharduen elkarteren bati» bideratuko zaizkiola gaineratu. Data bereziak izango ditugu, dudarik gabe, ez baita erraza horrenbeste musikari elkarrekin oholtza gainean biltzea.

Madrilen aurkeztuko du gaur, SGAE elkartearen egoitzan, besteak beste bertan kantatu duten makina bat kantari (Miguel Bose, Seydu, Jaime Urrutia, Ana Belen...) eta Estatuan bizi diren euskaldun batzuen laguntzarekin (Montxo Armendariz, Pedro Olea, Ane Igartiburu eta beste).

euskal tradizioa

Euskal kantutegi tradizionaleko hogeita zazpi kantu aukeratu ditu Kepa Junkera trikitilariak «Etxea» lan bikoitzean biltzeko, eta atzerriko hamabost musikari eta berrogeita bi kantari eta gonbidatu ditu horiek abesteko.

«Giza ahotsa izan zen musikarik zaharrena»

Horrela dio Jose Saramago Nobel saridun idazle portugaldarrak Kepa Junkeraren lan berriari egindako sarreratxoan. «Nolabait esan liteke gizakiak bere barnean aurkitu zuela musika hori, hitzaren soinu-hastapen landugabeen artean, hitz haietatik lehena ahoskatzera iritsi baino milaka urte lehenago», jarraitzen du gero, ikuspuntua Junkeraren lanean finkatu baino lehen. «Gizateriaren historiako unerik gogoangarrienetako bat izan zen hura, gizakia abestera altxatu zenekoa» eta horretaz ari omen da Kepa Junkera egitasmo berezi honetan. Saramagoren aburuz, «beste inoren hizkuntzan abestea izan ohi da lehen erronka». A. B.

zuzenean

Abenduaren 22an eta 23an Bilboko Arriaga antzokian zuzenean emango du «Etxea» lana Kepa Junkerak, eta bertan parte hartu duten artista guztiak gonbidatuko ditu oholtza gainera igo daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo