GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Nerea Arrizabalaga Etxaburu Donostia

Gotzon Garate

Gotzon Garate ezagutzen eta lagun dugunok sekulako altxorra bizi dugu. Gizon honek hainbat adore eman digu Euskal Filologia ikasi izan dugunoi. Bere izaera alaiak, irekiak eta jakinduriaz beteak gazteekin konektatzen du, ulertzen ditu.

Gotzon Garateren lanak irakurtzea eta gogoeta egitea merezi du. Gazte-gazte nintzela bere liburuek halako harridura eta gozamena sorrarazi zidaten, sinbolo asko ulertzen ez nituen arren. Urteak igaro ahala, entelegatzen ez nituen sinbolo horiexetakoren bat ulertu dudanean poz handia bizi izan dudala aditzera eman dezaket.

Jakintsu honek Euskal Herriarengan, euskararengan eta Jainkoarengan sinesten du. Euskal Filologiaren sortzaileetako bat da Txillardegi eta Patxi Altunarekin batera. Euskaren aldeko lan ikaragarria da. Euskararen aldeko motor zoragarria dugu.

Idatzi dituen lanen artean, euskal atsotitzen bilduma paregabea, esamoldeak (oraindik argitaratzeke), eleberriak, ipuinak eta kritika lanak ditugu. Horiexez gain, marxismoa sartu zuen Euskal Herrira. Euskaraz liburu bikainak idatzi dizkigu gai horri buruz .

Gotzonen lanari esker, berben arimara, euskal arimara hurbiltzen gara. Euskal aditzaren haitzetan barrena lau haizetara ibili ohi gara. Eta Gotzon handiaz pentsatzen dut. Mila esker, Gotzon!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo