GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Salbuespen egoerak, hainbat herritar gogor jo ez ezik, demokrazia bera hustu ere egiten du

Ezker abertzaleko erakundeen azken ilegalizazioen ondoren, euskal alderdi politiko gehienek erabaki haren kontrako adierazpenak egin zituzten. Lehen uneko adierazpen horien ondoren, ordea, badirudi salbuespen egoera hori normala balitz bezala onartzeko prest daudela; areago, batzuen kezka nagusia erakunde horiek legez kanporatzearen erantzuleekin aurrekontuak negoziatzea da. Ezker abertzalearen ordezkariak atzo, hainbat mobilizazio iragarri zituzten prentsaurrekoan, kezkatuta agertu ziren alderdi horien isiltasuna dela-eta. Izan ere, ilegalizazioen erruduna neurri batean ezker abertzalea bera dela eman dute aditzera. Hala ere, kontuan izan beharko lukete Euskal Herrian indarrean dagoen salbuespen egoerari aurre egitea ez dela kontu alderdikoia, ez da ideologia edo joera jakin bati baino ez dagokion kontua. Egoera horrek gizarteko sektore zabal bat zuzen eta gogor jotzen badu ere, demokrazia bera dago jokoan, horrelako eskubide urraketak onartzen dituen sistemari nekez eman baitakioke izendapen hori eta, beraz, herritar guztien, indar demokratiko guztien ardura izan beharko luke demokrazia gabezia hori salatu, eta ez onartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo