GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hizkuntza ereduen gainean Lakuak «iruzur egin» dezakeela ohartarazi dute

EAEko hizkuntza ereduen erreformak sortutako tirabirak direla-eta, euskaldundu baino «eskubideen zapalketa betikotuko» duen lege bat egingo duten beldur da Eskolak Euskaldundu herri ekimena; hori ekiditeko hainbat neurri aurkeztu, eta Lakuari onartzeko eskatu diote.

p015_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

Euskal Herria hezkuntza alorrean garrantzizko abagune batean dagoela deritzo Eskolak Euskaldundu herri ekimenak; alabaina, kezkati agertu da komunikabideen aurrean, haren iritziko, «bidegurutzeak» bi aukera ekar ditzakeelako: «Ikasle oro euskaldunduko lukeen aldaketa, edota eskubideen zapalketa iraunaraziko lukeena», zehaztu zuten Donostiako agerraldian.

Hezkuntza ereduen erreformak EAEn sortutako kalapitak izan zituzten ahotan eta Tontxu Camposek zuzentzen duen Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamena bere horretan utziz gero, euskarari zein ikasleek euskalduntzeko duten eskubideari kalte «oso larria» egingo litzaiokeela nabarmendu zuten. Lege proiektua bera «zehaztugabea, orokorregia eta hutsuneduna» dela adierazi zuten herri ekimena osatzen duten hamaika eragileek, eta «iruzurrari bide eman diezaiokeen legea» izan daitekeen beldur dira.

Hori ekiditeko hainbat sakoneko aldaketa aurkeztu, eta horiek legean onartzeko galdegin diote Lakuako Hezkuntza Sailari. Azaldutako neurrien artean, ezinbestekotzat jo zuten irakasle euskaldunak hezteko xedean hainbat bide aintzat hartzea edota legea ezartzeko baliabide egokiak martxan jartzea.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean lortu beharreko euskara mailaz mintzatu ziren Euskolak Euskaldundu-ko kideak, eta gogor salatu zuten, proiektua aurkeztu aurretik B2 maila xede gisa kokatu bazen ere, lege proiektuan hori ezabatu eta praktikan, eskaini nahi zaizkion ordu kopuru ikusita, B ereduaren azpiko maila eskuratuko litzatekeela.

Erantzun beharra Nafarroan

Proposamen horrek sortutako iskanbilaz luze aritu ziren arren, ez zuten Nafarroa eta Iparraldea ahantzi. Lehenean, British edo TIL eredu berriak edota Hello haur eskolak UPN-CDNk asmatutako «euskararen kontrako trikimailuak» direla sostengatu zuten eta herritarrei «eraso honi tamainan erantzuteko» deia egin zieten.

Euskararen Erakunde Publikoa aldiz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dagoen euskaren aldeko aldarria «baretzeko tresna» dela esan, eta Estatu frantsesak euskararekiko duen «borondate faltsua» agerian uzten duela deritzote.

Gauzak horrela, Eskolak Euskaldundu ekimenak datozen egunetan hezkuntzako eta euskalgintzako eragile nagusiekin biltzeko asmoa duela adierazi zuen. Bilera horien helburua, iragarri zutenez, euskalduntzeak Euskal Herrian egun duen egoerari buruzko diagnosi bateratua egitea izango da; baita EAEko proposamen horretan zein aldaketa egin zehaztea ere, eta, horiekin batera, Nafarroako «erasoaldiari tamainako erantzuna» ematen saiatzea.

Euskal ikasle oro euskalduntzeko eskola guztiak hezkuntza sistema nazional berean txertatu beharko liratekeela ere aipatu zuten agerraldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo