Bilgune Feministak eraso sexistak salatuko ditu Arrasaten
GARA |
Udako jaietan Euskal Herriko auzo eta herrietan emakumeen aurka egindako erasoak ugariak eta larriak izan dira oso. Horien gaineko balantzea egin berri du Bilgune Feministak eta horiei erantzuteko premia agerikoa dela ikusita, mobilizazioa iragarri du biharko, Arrasaten. Bertan Maritxu Kajoi eguna dela egingo dute elkarretaratzea, 19.00etan, herriko plazan.
Komunikabideei igorritako oharrean, Euskal Herriko Bilgune Feministak gogora ekarri du udaz uda egiten dituztela jaietan eraso sexisten aurka eta festetan emakumeen parte-hartzea sustatzeko kanpaina. Ekimen hauen xedea gainera, jai guneetan egiten diren erasoei aurre egitean eta festa batzordeei prebentziorako neurriak jartzean oinarritzen dela zehaztu du.
Aurtengo udari dagokionez, balantzea egitean gertaera benetan lazgarriekin topo egin dutela gogor salatu dute. Algortan, Bilbon eta Donostian izandako bortxaketak gogoan izan dituzte, eta, bereziki, Barañaingo jaietan gertatutako «bortxaketa bortitza». Gainera, ezagutarazi ez diren beste dozenaka eraso ere egongo direla ohartarazi dute. Horrekin batera, gogoan izan dituzte Urruñan, Gasteizen eta Bilbon uda honetan bortizkeriaz hildako emakumeak.