GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

Lesioak lesio, Portlandek etxean Steaua mendean hartzeko adina kalitate du

Itxakok aukera paregabea dauka asteburuan aurreneko faserako sailkatzeko

Arnaitz GORRITI | BILBO

Txapeldunen Liga Nafarroara iritsi da. Portland San Antonio eta Itxakok denboraldiko aurreneko neurketak jokatuko dituzte, etxean jokatu ere. Hala, kontinental maila ganoraz hasteko aukera ezin hobea izango dute talde biek.

Asobal ligako taldea izango da Europan jokatzen lehena, gaur arratsaldean jokatuko baitu. Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioa San Antonio eta Bukaresteko Steauaren arteko demaren lekuko izango da, 20.30ean. Denboraldi hasieran nahi baino lesio gehiago nozitu arren, talde iruindarraren kalitateak nahikoa behar luke garaipena lortu eta E taldeko burua hartzeko.

Partida hasterako albiste on bat jaso du gainera talde nafarrak: Kristian Kjelling norvegiarra jokatzeko moduan da. Denboraldian debuta egingo du nafarren zentralak, aurreneko entrenamendu saioetan zuntz-haustura pairatu ostean. Beraz, nafarren eritegian Dominikovic, Juancho Perez, Malmagro eta Lars Jorgensen geratu dira.

«Gure nahia errotazio asko egitea da, epe luzera begira egon behar baitugu», adierazi zuen atzo Chechu Villaldeak, San Antonioko entrenatzaileak. «Zortzi egunen buruan lau neurketa jokatu behar ditugu eta, emaitza onak lortzeaz gain, ezin dugu lesio gehiago izan. Jokatzeko moduan dauden jokalariak sasoi onean daude eta, beraz, gure helburu bakarra Txapeldunen Ligan aurreneko puntuak lortzea da», esan zuen.

Kjellingen itzulera pozik hartu zuen Villaldeak. «Nahiz eta Kristian topera egon ez, kanpoko jaurtiketa onak emango dizkigu. Horrez gain, taldeak defentsan gero eta lan hobea egiten dihardu eta neurketa erabat mentalizaturik jokatuko du», adierazi zuen.

Itxakoren aukera

Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ezin hobea du, bestalde, Lizarrako Itxakok. Asteburu honetan, ostiralean hasita, Ambros Martinen neskek sailkapen-faseko azken ligaxka jokatuko dute Lizarrerrian. Aurkariak Kroaziako Podravka Vegeta, Greziako AC Hormi-Loxu Patras eta Alemaniako HC Leipzig izango dira.

Denek elkarren aurka jokatu beharko dute eta lehen postuan sailkatzen denak baino ez du Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izango. Beraz, Lizarrako taldeak faborito izan beharko luke, nahiz eta Alemaniako eta Kroaziako taldeek etsai gogorrak diruditen. Ambros Martinenak ABF Ligako buruan dira eta ez dute lesionaturik. Sasoi onean jokatuko dute, beraz, ligaxka.

Nafarrek ostiralean jokatuko dute, 20.00etan, kroaziarren aurka. Larunbatean, ordu berean, greziarrak izango dira arerioak eta igandean, 19.00etan, Leipzigeko taldea.

Eritegia beteta

Nahiz eta Kjelling itzuli, eritegia oraindik beteta dauka Portland San Antoniok: Dominikovic, Juancho Perez, Malmagro eta Lars Jorgensen. Hala, lesionatu gehiago ez izateko, errotazioak zaindu nahi ditu Chechu Villaldeak.

Lizarrerria

Txapeldunen Ligarako sailkatzeko, aukera ezin hobea du Itxakok asteburuan Lizarrerrian. Horretarako, Kroaziako Podravka Vegeta, Greziako AC Hormi-Loxu Patras eta Alemaniako HC Leipzig gainditu beharko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo