GARA > Idatzia > > Kultura

Ruiz Balerdi margolaria zinema esperimentalean, «Tarzanen omenez»

Rafael Ruiz Balerdi margolari gipuzkoarrak 1969an sortu zuen «Homenaje a Tarzán». Capítulo 1: «La cazadora inconsciente». Lumaz eta tinta txinatarrez zeluloide gainean egina, sei mila marrazki inguruk osatzen dute lau minutu inguruko artelan sekuentziala. Bilboko Carreras Mugica arte galeriak berreskuratu du orain, eta jatorrizko formatuan ikusgai jarri azaroaren 15a arte, Asier Mendizabalek hautatu dituen artistaren beste marrazki batzuekin batera.

p041_f02_97x72.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilboko Carreras Mugica arte galeriak Ruiz Balerdi (1934-1992) artistaren «Homenaje a Tarzán» animaziozko film bitxia aurkeztu zuen atzo, margolariak egindako beste marrazki batzuekin batera. Artista gipuzkoarrak 1969an egin zuen animaziozko film laburra. «Haren berri bagenuen ere, ezkutuan egon da orain arte», obra berreskuratzeko ahaleginean ardura nagusia izan duen Asier Mendizabalek esan duenez.

Orain, lan neketsu baten ostean, galeriak jatorrizko formatuan berreskuratu du lana -16 milimetroko filma-, eta aspaldiko proiektore bati esker, behin eta berriro ematen arituko da Bilboko Henao kalean duen aretoan. Arte galeriako arduradun Nacho Mugicaren ustez, «1960ko hamarkadaren bukaeran zinemarekiko grina esperimentatzailea piztu zen Donostian, eta bertan esku hartzeko grina sortu zitzaion Ruiz Balerdiri ere». Horrela, txikitako komikietan liluratzen zuen Tarzan omendu nahi izan zuen, «ordubeteko pelikula egiteko asmoarekin», ikusgai dagoen lehen kapitulua baino burutu ez bazuen ere. Lanarekin jarraituz, «orain arte zinema esperimentalaren arloan izan da ezaguna, eta guk artelan trataera eman nahi izan diogu», argitu zigun Mugicak.

Langile borrokatua, lau minutuko lana burutzeko (24 fotograma/marrazki segundoko), sei mila marrazkitik gora egin behar izan zituen lumaz (zeluloide gainean, tinta txinatarrarekin) Ruiz Balerdik. Artistak berak «egitasmoa denbora-pasatzat bazuen ere, emaitza harribitxi bat dugu», pelikula ez ezik, erakusgai diren marrazkiak aukeratzeaz arduratu den Mendizabalen aburuz.

Prosezuarekin ase

Pelikulan, finean, «marraren askatasuna eta formaren loturaren arteko tentsioa» erakusten du Ruiz Balerdik, oreka lortzeko borrokan, arduradunen ustez. Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendari Javier Viarren esanetan, «sorkuntza prozesuak betetzen zuen Ruiz Balerdi, margotzeak berak, eta behin obrak bukatuta ez zuten balio handirik artistarentzat». Laburbilduz, «azken emaitzak baino, prozesuak asetzen zuen».

Zinema esperimentala jorratzen zuen X Film ekoizpen etxeak argitaratu zuen pelikula, jatorriz zuen mututasunari soinua erantsita. Viarrek azaldu zuenez, Juan Ugarte aberats nafarra omen zen ekoizpen etxearen bultzatzaile nagusia. «Garai batean Ruiz Balerdi diruz lagundu zuen Ugartek, bere garaian Oteiza eta beste askoren erakusketekin egin zuen legez».

TARZANEN KOMIKIAK

Marrazkiarekin lehen harremana komikien bitartez egin zuen Rafael Ruiz Balerdik. Tarzanenak bereziki txunditzen omen zuten eta bere omenez sortu zuen animaziozko film labur esperimentala, lau minutu ingurukoa.

Fitxa

Erakusketa: Ruiz Balerdi. «Homenaje a Tarzán». Capítulo 1: «La cazadora inconsciente».

Tokia: Carreras Mugica galeria (Henao kalea, Bilbo).

Data: Gaurtik azaroaren 15era.

Ordutegia: Goizez, 11.00-14.00 eta arratsaldez, 17.00-20.30, astelehenetik ostiralera. (Larunbatetan hitzordu bidez).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo