GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Igandeko partida

Bolada txarrak hausteko beste aukera bat Sevillan

Aurreko denboraldian Mestallan eta Vicente Calderonen irabazi ondoren, 15 urte eta gero, zuri-gorriek irabazi egin nahi dute Sanchez Pizjuanen

p033_f02_139x120.jpg


B.Z. | BILBO

Estatistikak apurtzeko daudela diote askok. Aurreko denboraldian, hainbat urteren ondoren, zuri-gorriek garaipena erdietsi zuten Mestalla, Vicente Calderon eta Ruiz de Lopera futbol zelaietan. Ez ziren nolanahiko hiru puntu izan, bizkaitarren urteak baitzeramatzaten bertan irabazi gabe. Kasurik aipagarriena, Mestallakoa da. Lehoiek, 1987-1988 denboraldian eskuratu baitzuten euren azken garaipena Patxi Ferreirak eta Peio Uraldek sartutako goleei esker. 20 urte eta gero, 2007ko abenduan, bizkaitarrak berriz ere gailendu ziren Valentzian Yestek eta Fernando Llorentek, bitan, sartutako golekin.

Vicente Calderon zelaian ere ez dira ondo moldatu bilbotarrak. 1999-2000 denboraldian, Luis Fernandez entrenatzaile zela, 1-2ko emaitza egin zuten. David Asensiok debutatu zuen partidan, Joseba Etxeberriak eta Julen Guerrerok Molinaren atea zulatzea lortu zuten. Euri-jasa itzela ari zuela jokatutako norgehiagoka eta gero, beste hiru urte igaro ziren, berriz elkarren aurka jokatu aurretik. Izan ere, madrildarrak bigarren mailara jaitsi ziren denboraldi hura amaitu zenean.

Aurreko kurtsoan, zortzi urte eta gero, Fernando Llorenteren eta Javi Martinezen gol ederrei esker, zuri-gorriek hiru puntuak eskuratu zituzten Manzanares ibaiaren alboan dagoen futbol zelaian.

Azkeneko datu esanguratsua apirilean ailegatu zen. Orduan, Athleticek Betisen kontrako garaipena lortu baitzuen. Partida gogoangarria eta tristea izan zen eta Armandok botilakada jaso zuen aurpegian. Epaileak partida eten behar izan zuen eta Betisek protesta egin arren, batzorde guztiek amaitutzat jotzea erabaki zuten. Hiru puntuak Athleticentzat izan ziren eta Ruiz de Lopera futbol-zelaia itxi egin zuten.

Laugarren erronka, Sevillan hura ere, Sanchez Pizjuanen irabaztea zen. Gailenduz gero, zuri-gorriak Intertoton parte hartzeko aukera zuten, baina ez zuten lortu. Markagailuan aurreratu ziren, Aritz Adurizek penalti puntutik lortutako gol bati esker, baina ez ziren errentari etekina ateratzeko gai izan. Atsedenaldira iritsi baino bost minutu lehenago, Kanoutek berdinketa lortu zuen. Bigarren zatian, Keitak, berriz ere Kanoutek eta Jesus Navasek 4-1ekoa ezarri zuten.

Emaitza horrekin, bizkaitarrek 15 urte pilatu zituzten Sevillaren futbol zelaian irabazi gabe. Orain, kasik bost hilabete geroago, zuri-gorriek beste aukera bat dute Sanchez Pizjuanen irabazteko. Hiru puntuen bidean, bada albiste onik bizkaitarrentzat, Luis Fabianok ezin izango baitu jokatu arazo fisikoak direla-eta.

Azken garaipena 1993-1994 denboraldian izan zen. Heynckesen agindupean, Athleticek 1-3ko emaitza lortu zuen. Davor Suker kroaziarrak Sevilla aurretik jarri zuen, baina Guerreroren bi goli eta Valverderen beste bati esker, markagailua irauli zuten.

Aurkezpenak atzo eta gaur

Ekitaldiz beteriko eguna izango da gaur. Lehenbizi, Lezaman eta hainbat hilabetetako atzerapenarekin, klubak harrobiko taldeak kudeatzeko abian jarri duen talde teknikoa aurkeztuko du. Ondoren, Joseba Etxeberriaren kontratuaren luzapenaren txanda izango da. Elgoibartarrak detaile handia izango du klubarekin arlo ekonomikoan eta Macuarekin batera xehetasun gehiago emango ditu.

Bestalde, atzokoan, Kapamdi S.L. enpresaren eskutik, San Mameseko maketaren zati bat aurkeztu zen. Osatzen direnean maketa horien prezioa 19.000 eurokoa izango da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo