Txikiteroen egunerako dotoretu da Arrasate
Txikitero baten ateraldia dela-eta hasi omen ziren Arrasaten Maritxu Kajoi eguna ospatzen, duela 30 urte baino gehiago. Aurten ere, jantzirik ederrenak armairutik atera, eskapularioa aldean hartu, eta parranda luze bati ekingo diote Debagoieneko herri honetara bertaratzen direnek.
GARA |
Txikiteroek gaur ospatuko dute beraien Ama Birjinaren eguna. Baina ez nolanahi. Egun honek eskatzen duen neurrira egon beharra dago eta, horretarako, bazter guztiak nahastuz eta armairu guztiak arakatuz trapurik ederrenak lortu behar dira. Gainera, bada inork ahaztu ezin dezakeen beste zerbait, eskapularioa, alegia.
Benetan jendetsua izan ohi da jai hau eta urtero-urtero jende andana biltzen da Debagoieneko herri honetako kaleetan, giro aparta sortuz.
Diotenez, txikitero baten ateraldia dela-eta hasi ziren jai hau ospatzen, 1977. urtean. Hogeita hamaika urte hauetan zehar, atarramentu ederra atera diote arrasatearrek egun honi, eta urriaren aurreneko ostiraletan dotore-dotore jantzi eta, eskapularioa lepoan, goizean goizetik ekiten diote parrandari.
Izan ere, goizeko zortzietatik aurrera izango da jai honetaz gozatzeko aukera, «etxafleruek» izango baitute arrasatearrak esnatzeko ardura.
Une horretatik aurrera hasiko da parranda, eta ordu txikietara arte luzatuko da. Badago, beraz, gerturatu eta dibertitzeko parada ezin hobea.
Lore eskaintza
Eguneko ekitaldirik esanguratsuena iluntzean izango da, 20.00etan egingo baitiote lore eskaintza Ama Birjinari, urteko parrandak eskertuz, eta hurrengo urtean ere bertan biltzeko aitzakia eman diezaien.
Hala eta guztiz ere, egun honetako protagonistari eginiko eskaintza horretaz gain, egiteko, dantzatzeko, jateko, eta edateko beste hainbat aukera izango da Arrasateko kaleetan.
Egun osoan zehar, musika ugari izango da bazter guztiak nahastu eta bertaratutakoak dantzan jartzeko asmoarekin. Arratsaldean, adibidez, 19.00etatik aurrera, Oria txarangak gozaraziko ditu inguratzen zaizkionak, eta, ordu berean, Arrasateko Konpartsa Txikiak lore eskaintza egingo du eta Alde Zaharreko kaleak girotzeaz arduratuko da.
Bapo afaldu eta gero, dantza egiteko gai denak, baditu hainbat aukera, ez delako batere makala egun honetarako prestatuko eskaintza.
Gauean, 23.00etatik aurrera, Marc Houle, IMA txil-out, El_txef_a, Balza kpc eta Elektit musikarien emanaldiak izango dira Arrasateko 360 aretoan.
Gauerdirako, aldiz, bi aukera daude. Alde batetik, herriko plazan dantzaldia izango da Jo ta Hanka taldearen eskutik. Bestetik, Neguri Gorriak taldea arituko da txosnagunean.
Azken talde hau, desagertutako Negu Gorriak talde ezagunaren omenez sortutako taldea da. Euskal Herriko musika talde desberdinetako bederatzi kide bildu ziren joan den udaren hasieran. Besteak beste, Amaiur, Oliba Gorriak, Orkresta eta Feos Pero Majos taldeetako kideek osatzen dute eta, ordutik, herri askotako jaiak alaitu dituzte.
Umorea
Maritxu Kajoi betidanik izan da jai giroari lotutako ospakizuna eta, ezer hoberik ez umore onez laguntzea baino. Horren erakusgarri bakarra ez da herriak egun honetan hartzen duen itxura, egitarauan ere nabarmena baita joera hau.
Urtero legez, aurten ere antolatzaileek ekintza faltsuz bete dute egitaraua, jaiari ukitu alai eta zirikatzaile hori emateko asmoz.
Adibidez, 09.30etik aurrera «atxabaltarrentzat bisita gidatuak» egingo dituztela iragarri dute. Ondoren, 10.00etan «GPS-ak galduta etorri diren txofer frantsesei harrera egingo diete».
Arratsaldean, «herri kontsulta» egiteko asmoa dute. Baina, honek ez dezala hautsik harrotu, ardo zuria edo beltza aukeratzeko baino ez baita izango.
Bestalde, bizi dugun krisi ekonomikoak ere eragin nabarmena izan du jaien egitarauan. Hala, bertaratzen direnek ardoa baino ezingo dutela eskuratu adierazi dute, herrian «ur mozketak» egingo ei dituztelako.
Maritxuri lore eskaintza egin behar zaiola-eta, antolatzaileen esanetan, «krisiak jota dagoenak, inguruko errotondetan izango ditu lora ugari».
Gainera, urte honetarako «eskaintza» ederra prestatu dute, eta «10 eskapulario erosten dituenak kotxeko gidabaimeneko 2 puntu berreskuratuko ditu».
Argi dago beraz, umorea ez dela faltako gaurkoan Arrasatera hurbiltzen direnentzat.