GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Europar Batasuneko kohesio-politikan eragin nahi duen ILPKen biltzar orokorra Baionan


Idoia ERASO |

Itsas Lurralde Periferikoen Konferentziaren urteko biltzar orokorra Baionan ari da izaten. Asteazkenean hasi zen eta gaur bukatuko da. Bertan 400 pertsona inguru elkartu dira, bereziki ILPKan parte hartzen duten 159 lurraldetako ordezkariak, baina Europar Batzordekoek eta beste erakunde europearretako ordezkariek ere pate hartu dute.

ILPKko presidentziarako bere hautagaitza aurkeztu du Claudio Martinik, Toskanako presidenteak. Haren esanetan, konferentziaren helburua hauxe da: «Europan lurraldeen ahotsa entzutera ematea eta Europaren baitan ekimen onak badirela erakustea». Izan ere ILPKko kideek Europar Batasuneko politikaren gainean eragitea bilatzen dute.

Egun hauetan hurrengo bi urteetan konferentziaren ardatz nagusia izanen den Europar Batasuneko politika nagusiei buruzko hausnarketak lantzen ari dira. Bereziki lurralde edo kohesio politika izan da ardatza, baina, besteak beste, garraioa, arrantza edo ingurumena politika-arloak ere landu dira EBaren aurrekontuarekin batera.

Liburu berdea

Hurrengo astean EBak onartuko duen kohesioaren inguruko Liburu Berdea izan dute mintzagai. Izan ere hainbat lurralde elkartzeko aurrerapauso gisa ikusi bada ere, «ez da handinahia duen testua, baina galdeketa-fase bati ematen dio hasiera» azaldu zuen ILPKko idazkari nagusia den Xavier Gizardek.

Arrantza eta itsas aferen Joe Borgek, europar komisarioak, horrela azaldu zuen Liburu Berdearen helburua: «hemen ordezkatzen diren lurraldeen gobernagarritasunaren arazoa konpontzea». Batasunaren baitan den kohesio-politika «kontraesanak» konpontzeko bidea dela ere esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo