Non dago Euskal musika?
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Pena ematen dit nire herriko liburu-dendako erakusleihoak, bertako nagusiek euskal frankizia bati «saldu» ziotenetik. Egia da bakoitzak duela erakusleihoak bere gustura antolatzeko eskubidea. Egia da saltzea dela espazio preziatu horren xede nagusia, bertan jartzen dena azpimarratu eta, ustez garrantzitsuak diren edukiak erakutsi eta amu gisara erabili, horixe da erakusleihoen helburua. Hori bai, erakusleihoak ere badira dendaren nortasun berezituaren erakusle, erakusleihoak esan behar dio balizko erosleari zein nolako dendetara sartu eta zer nolako etxeetan gastatuko duen bere dirua.
Bi aldeetatik begiratuta pena ematen dit nire herriko liburu dendako erakusleihoak, batez ere musikaren presentzia %98 murriztu duenetik. Ez da gehiegikeria; duela urte eta erdi arte diskoz betetako erakusleiho osoa topatzen zenuen nire herriko erdialdeko kale bisitatuenetako batean. Diskoen azalak topatu eta ikusi egiten zenituen taberna eta taberna arteko ibilbidea egiten ari zinela. Jar dezagun garai hartan 100 disko zeudela erakusleiho horretan, gaur egun bi baino ez daude. Are gehiago, duela urte eta erdi arte euskal musika, euskaraz egindakoa, zen nagusi erakusleiho horretan, jar dezagun %88. Gaur, bi disko horietatik bat erdararen batean dago... %50. Zeuk atera kontuak.
Azkenik, gure herriko liburu-denda familiar horretan, norbaitek, euskal musikan sortzen ziren kasik disko berri guztiak erakusleihora eramateko lanak hartzen zituen, askotan prentsan agertzearekin batera. Berdin zion zein diskoetxek ekoitzitakoa zen. Beti topatzen zenuen hain ezaguna ez zen harribitxiren bat artista ezagunenen diskoen artean, eta hori gutxi balitz, herriko artisten lanak leku preferentean jartzeko ohitura «chauvinista» zuten. Gaur egun nire herriko liburu-dendako erakusleihoan euskaraz dagoen disko hori beti da diskoetxe berdinarena, artista berdinena eta, asko esatea ez bada, estilo bertsukoa.
Arrazoi perfektua dago, gaur egun ez da musika saltzen.... espero dut horregatik izatea. Aipatutakoei kasu eginez, edonor nire herriko liburu-dendaren nortasuna zehazten saiatuko balitz, musika bost axola zaion denda baten aurrean dagoela ondorioztatu lezake. Euskal musikari inolako preferentziarik emateko prest ez dagoena eta batzuek ekoitzitako diskoak baino erakusten ez dituena. Aizue, datuak dira....
Ez da nostalgia, haserrea baizik, nire herrian ez baitago musika erakusten duen beste erakusleihorik, eta aldaketa oso bortitza gertatzen ari zait, ziurrenik, oraindik musika axola digun ero horietako bat naizelako...