GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Euskara, PSEren «kezka» hauteskundeen beroan

Euskara askatasunean» du izenburu PSEk atzo aurkeztu zuen euskararen aldeko agiria, besteak beste euskararen transmisioa bermatzea aldarrikatzen duena. Helburu txalogarria, inondik ere, PSEri eta beste alderdi batzuei esker, helburu berantiarra ere baden arren. Hala ere, agiriak ez du helburu horretara iristeko bitartekorik agertzen. Txalogarria, era berean, Patxi Lopez euskaraz ikasteko egiten ari den ahalegina; ez horren txalogarria, ordea, euskara EAEko Lehendakaritza lortzeko bitarteko gisa.

Bere azken kongresuko txostenetan, PSOE «benetako elebitasunaren» alde agertu zen, herritarren eskubideak bermatze aldera, «autonomia-hizkuntza» ardatz duen hezkuntza-eredua defendatzeraino... Katalunian, esate baterako. EAEn PSEk eta Nafarroan PSNk, berriz, autonomia bitxia erakutsi izan dute oso bestelako apustua eginez beren azken 30 urteko ibilbidean. Horren erakusgarri, euskarak edozein alorretan aurrera egiteko urrats txikiena ere proposatu denean kontra azaldu izana. Azkenaldian euskara ardatz nagusi duen ereduaren aldeko proposamenen aurka, PPrekin batera -eta EAJri esker- Euskal Curriculum berria atzera bota izana edo enpresen euskarazko errotulazioaren aurkako jarrera. Ezaguna da, halaber, Nafarroan PSNk, Gobernuan zela zein UPNren gobernuei sostengua emanez, burutu duen hizkuntza-politika baztertzailea.

PSEk atzo aurkeztu zuen agiria euskarari dagokionez bere irudia aldatu beharraren ondorio da. Duen irudia, ordea, erreala da, urte askoan eutsi dion jarrerak eman diona, alegia. Baina mende laurdena baino gehiagoko praktika aldatu ezean, nekez aldatuko du irudi hori, eta zenbait hilabeteko epea baino ez du hartarako. Praktika luze eta negargarri horren ondoren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbait hilabete barru izango diren hauteskundeen hurbiltasunak, hain zuzen, salatu egiten du PSEren agiria, eta haren asmo ona, euskararen ustezko defentsa, marketin operazio hutsean utzi. Horra hainbatetan euskara helburu politikoetarako erabiltzea salatu izan duen alderdiaren «kezka» handia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo