Palin eta Biden, okerrik ez egiteko, tentuz lehiatuko dira lehen eztabaidan
Sarah Palin errepublikarrak eta Joe Biden demokratak atzo izan zuten beraien lehen aurrez aurrekoa. Astebete eman zuten buru-belarri prestatzen. Lehenak nazioarteko gaien gainean egin dituen hanka-sartzeak zuzendu behar zituen. Bidenek esperientzia zuen bere alde.
GARA |
Sarah Palinek eta Joe Bidenek lehen eta azken eztabaida izan zuten atzo San Luisen, Euskal Herrian goizeko hirurak zirenean. Gaur ez dira faltako, beraz, bien parte-hartzearen gaineko hausnarketak. Aldez aurretik, John McCain errepublikarraren hautagaiak ez zuen batere lan erraza. Astelehenetik, McCainek Arizonan duen etxaldean egon da eztabaida prestatzen orain arte egin dituen hanka-sartze handiak berriro ez egiteko.
Esaten dutena bezain garrantzitsua da esateko modua. Gorputzaren lengoaia funtsezkoa da halakoetan. Bidenen kasuan, aholkulariek gomendatu zioten Palinekin atsegina izateko eta errespetu handiz jokatzeko, baina adierazpen eta jarrera sexistak eragozteko. Erosotasuna islatzea ere berebizikoa zuen.
Palinek, berriz, presidenteorde izateko gaitasuna duela eta kokiltzen ez dela azaldu behar zuen. Azken hori da bere alde zuen bakarra. Kameraren aurrean eskarmentu handikoa da.
Baina irribarrea baino zerbait gehiago behar zuen atzo inkestei eta kritikei buelta emateko. Izan ere, azken asteetan nazioarteko gaien gainean ezagutza nahikorik ez izatea leporatu diote, baita Alderdi Errepublikarraren baitan ere, eta telebistako umorezko sailek hamaika parodia egin dizkiote. Eta, oraindik okerrago, eskuineko hedabideetako hainbat analistek haren gaitasuna zalantzan ipini dute.
Haren hautagaitzak ezustea eragin zuen. Alderdi Demokrataren biltzarraren ondotik eta Barack Obamak inkestetan gorantz egiten zuen unean eman zuen ezagutzera McCainek.
Errepublikarren hautesle kontserbadoreenak eta demokratekin desilusionatuta dauden emakume hautesleak bereganatu nahi zituen. Baina, bigarren helburua ezin izan dute bete.
Gwen Ifill eztabaidaren moderatzailearen objektibotasuna zalantzan jarri zuten kontserbadoreek. Obamaren «aldeko» liburu bat idatzi izana aurpegiratu diote. Urtarrilaren 20an argitaratuko dute.