GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Buenos Aires hiritik gure buruetara, Los Piojos taldearen zuzeneko saltoa

A. BILBAO | BILBO

Famatua da oso Los Piojos talde Argentinarra latinoamerikako lurretan (futbol-zelaiak betetzen ditu), ez ordea gurean. Sumo argentinar aitzindarien eta Rolling Stones taldearen miresle, azken horien zuzenekoak zabaldu izan dituzte Argentinan. Bersuit, Virus, Los Fabulosos Cadillacs, Todos Tus Muertos, La Renga eta beste askok, bakoitzak bere garaian bezala, Europara zabaldu nahi dute orain euren musika. Tango eta candombe erritmoak tarteko, rock talde interesgarria dugu Los Piojos, doinu ikaragarri aberatsa baitute. Gurean, Barakaldoko Rockstar Live aretoan joko dute gaur, iluntzeko 21.00etan eta hogeita bi euroren truke.

Los Piojos boskotea Buenos Aires handiko El Palomar inguruan sortu zen orain hogei urte, 1988an, eta Andres Ciro Martinez, Juanchi Bisio, Gustavo «Tavo» Kupinski, Miguel Angel «Micky» Rodriguez eta Sebastian «Roger» Cardero ditu taldekide.

90eko hamarkadaren hasieran debutatu zuten «Chactuchac» lanarekin, eta 1994ko «Ay, ay, ay» eta 1996ko «Tercer Arco» diskoekin lortu zuten arrakasta. Taldeak lehen hamarkada bete zuenean «Azul» plazaratu zuten eta lehen zuzenekoa iritsi zen gero, 1999ko «Ritual». Milurteko berria «Verde paisaje del infierno» lanarekin hasi eta 2003ko «Maquina de Huesos» diskoarekin jarraitu zuten. Tartean beste zuzeneko lan bat, «Huracanes en luna plateada» eta «Los Piojos 1989-2002» bilduma atera zuten. Orain, «Civilización» bilduma prestatu dute Europarako, euren musika kontinente zaharrean ere ezaguna egiteko asmoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo