Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakaslea
Haize errotaren alde
Hala Bedi eta Gaztetxearen ekintza guztietan irudimena izan da gidari, eta ez «betiko leloa». Hainbat ekintza bitxi eta fresko antolatu dituzte. Horregatik lortu dute halako harrera ona izatea hainbat sektoreren artean
Our Media izeneko sareak antolatuta, Komunikazioaren inguruko batzar interesgarria izan da joan den abuztuan Ghanan. Bertan bildu ziren 44 herri eta estatutako ehunka akademiko, artista, profesional eta gizarte-ekintzaile. Ondorioetan, sarearen ideia azpimarratu zuten, beste behin ere; mundu osoan sare komunikatibo ireki, deszentralizatu eta horizontalak sortzearen garrantzia, alegia. Masa-hedabideen jabetza gero eta esku urriagotan biltzen ari da. Haiei aldaketa sozialaz hitz egitea eguerdian ilargi bila ibiltzea bezalakoa da. Alperrik. «Arraina dagoen tokian okela usainik ez».
Identitatean, inklusioan eta berrikuntzan oinarritutako formula komunikatiboak hobetsi zituzten Ghanan. Ez dira errezeta magikoak, baina bai baliagarriak, egun mundu osoan dauden eten eta desberdintasun komunikatiboak desagertzen laguntzeko. Izan ere, gaur egun oraindik ere Internet ez da guztiz sare globala. Era askotako etenak daude gure artean: eten ekonomikoa (Ipar aberatsa eta Hego pobrearen artean), adinaren etena (adineko jende gehiena aurre-informatikoa da) eta heziketaren etena (denok ez gaude ikus-entzunezkoetan alfabetatuta).
Eredu komunikatibo interesgarriak kontinente guztietara zabaldu dira. Azken hogeita bost urteotan 4.000tik gora irrati komunitario sortu dira 115 herritan, planetan nagusi den eredu homogeneizatutik urrun. Gasteizen ere badugu horrelakorik. Izan ere, Hala Bedi irrati librea duela 25 urte jaio zen. Inoiz ez du diru-laguntzarik jaso. Inoiz ez du ordaindutako iragarkirik jarri. Hala eta guztiz ere, Alde Zaharreko irrati honek gaur egun 24 orduz emititzen du, hainbat jenderen borondatezko lanari esker.
Gazteizen bertan, bost urte geroago, gazte koadrila batek Gotzaindegiarenak ziren zalditegi zaharrak okupatu zituen. Egoitza txukundu eta Gaztetxea paratu zuten bertan. Gaur arte. Ordutik hona, gazteek kudeatu duten eremu autonomoa izan da. Zailtasun guztien gainetik eta agintari guztien trikimailuen azpitik, «tontorreko etxeak» (gasteiztarrok horrela deitu diogu beti) zutik irautea lortu du. Hauek ere, ez dute inoiz dirulaguntzarik eskatu, baina, kultur ekitaldi ugari, erakusketa franko eta jaialdi dezente antolatu dituzte; betiere, auzokideen baimen eta begirunearekin.
Irailaren azken asteburuan Erdi Aroko azoka izan da Gasteizen. Gaztetxeak, beste behin ere, ateak ireki zituen. Zahar eta gazte, gorbatadun zein fulardun orrazkera eta janzkera guztietako jendea hurbildu zen bertara, armonia ederrean, inolako arazorik gabe.
Piztu Gasteiz. Hala Bedi eta Gaztetxeko jendeak badu beste meritu erantsi bat ere. Mende laurden honetan kolore guztietako agintariak igaro dira Gasteizko Udal Gobernutik. Alkateak EAJ, PP eta PSOEkoak izan dira. Gazte (eta ez hain gazte) diren hauek lortu dute, lehenago edo beranduago, agintariek ere onartzea eurek betetzen duten funtzio soziala. Besterik ez bada ere, «toleratzea». Abilezia hori izan dute. Euren ekintza guztietan irudimena izan da gidari, eta ez «betiko leloa». Hainbat ekintza bitxi eta fresko antolatu dituzte. Horregatik lortu dute halako harrera ona izatea hainbat sektoreren artean. Eta konplizitatea. Eta horregatik guztiagatik ere bai, merezi du datorren urriaren 11n prestatu duten jaira hurbiltzeak. Gasteizko Alde Zaharrean da hitzordua. Ekimenak Piztu Gasteiz du izena. Interesgarria dirudi.
OurMedia sareak aurten Afrikan egin duen batzarrarekin hasi gara. Bukatu ere sare berak iaz Sydneyn egin zuen kongresuarekin amaituko dugu. Orduan teknologia digitalak eskaintzen zuen aukerez gogoeta egin zuten. Ondokoa nabarmenduz: «Ekaitza datorrenean, bi aukera dauzkagu: gotorlekuak eraiki edo haize errotak paratu. Komunikazio komunitarioaren akademiko eta ekintzaileak garen aldetik, gure erantzuna garbia da: balia dezagun ekaitz digitalaren haizea gure errota propioak paratzeko». Gasteizko Gaztetxearen teilatuan haize-errotaren antza duen tramankulu umil eta txiki bat dago.