Lau eta Erdiko kanporaketa
Kaiolarako azken txartela jokoan dute Agirre eta Saralegik
ETBk zuzenean eman zuen lehen pilota emanaldiaren 25. urteurrena dela eta, jaialdi berezi bat antolatu dute urriaren 12rako Donostiako Atano III.ean.
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
EPEL osatzen duten enpresek ia erabakita daukate datorren asteazkenean aurkeztuko den Lau eta Erdiko txapelketaren egitura. Bilboko enpresak aurkeztuko duen hamargarren pilotariaren izena falta da, eta gaur arratsaldean erabakiko da hori, Murgiako pilotalekuan, Imanol Agirre eta Ekaitz Saralegik elkarren aurka jokatuko duten norgehiagokan.
Oso gustu txarreko platera da gaurkoa Arteako pilotariarentzat, izan ere, Asegarcek iazko emaitzak kontuan hartu izan balitu, ez bailuke kanporaketa hau jokatu beharrik izango. Izan ere, bizkaitarra bere enpresako bigarren pilotaririk onena izan zen, Aimar Olaizolaren atzetik, final-zortzirenetara iritsita. Goizuetakoak berak kanporatu zuen Agirre finalerdietako ligaxkatik, Azkoitian bederatzian utzita, baina bera izan zen kanporatuen artean tantorik gehien egin zituena. Hau da, iazko txapelketako bosgarrena hogei onenen artean lekua izateko gaurko galbahea pasatzera behartu du enpresak.
Eginkizun hori, gainera, ez da batere erraza izango bolada onean datorren Ekaitz Saralegiren aurka. Udan emaitza onak bildu ditu zaldibiarrak, eta eskuina justu xamar zela iritsi zen arren, bere aireko joko eraginkorra nahikoa izan zuen asteartean jokatutako aurrekanporaketan Iñigo Leiza kanporatzeko, pilotaleku horretan bertan.
Jaialdi berezia
Bien bitartean, atzo eman zen jakitera ETBk urriaren 12rako Donostiako Atano III.ean, bere lehen pilota emanaldia eman zueneko 25. urteurrena dela-eta antolatutako jaialdiaren berri.
Xala-Laskurainek Pablo Berasaluze eta Beginoren aurka jokatuko dute binaka, Aimar Olaizola min hartuta egonda, Irujok eta Barriolak jokatuko dute buruz buru, eta jaialdia osatzeko, Titin III.ak eta Oinatz Bengoetxeak lau eta erdian.
ETBk antolatutako jaialdian, Xalak eta Laskurainek binakakoan jokatuko dute Pablo Berasaluzeren eta Beginoren aurka, Barriolak eta Martinez de Irujok buruz burukoan, eta Titin III.ak eta Oinatz Bengoetxeak lau eta erdikoan.
Imanol Agirrek merezi ez duen azterketa zaila pasa beharko du gaur Murgian, bolada onean datorren Ekaitz Saralegiren aurka.