GARA > Idatzia > Kirolak > Osasuna

Miguel Flañok, estutasuna baino, ilusioa eta konfiantza sumatzen du

GARA | IRUÑEA

Seigarren jardunaldia hastear, eta Osasunak ez du oraindik garaipenik lortu. Egoera horrek, hala ere, ez du estutasunik sortu talde gorritxoan, gogoak, ilusioa eta konfiantza baizik, Miguel Flañoren esanetan.

«Estutasunik ez dugu –adierazi zuen defentsak–, hau guztia hasi besterik ez da egin. Izan ere, kostatzen ari zaigu, baina badaukagu gogoa, ilusioa eta konfiantza». Sentsazio horien oinarria taldeak hainbat partidatan erakutsitako itxura ona litzateke baita, adibidez, defentsan erakusten ari den sendotasuna ere. «Lan hori oso ondo ari gara egiten –nabarmendu zuen–. Eta oso arlo garrantzitsua da, urtero ikusten dugulako beheko postuetan amaitzen duten taldeak, defentsan ez direla batere ondo aritu».

Flañok argi dauka, halere, hori benetan lagungarria izan arren, ez dela nahikoa partidak irabazteko. Horregatik, «zirt edo zart» gorantz joan behar dutela gaineratu zuen. Batez ere, bihar, gorritxoak lehen garaipena ospatzeko irrikatzen baitaude, daramaten «dinamika apurtzeko». Haren hitzetan, «halako neurketetan beharrezkoa den plus horrekin jokatu beharko dugu, eta gure segurtasuna aurreko partidetan baino sendoagoa izan behar da. Ez dut uste partida ikusgarria izango denik, baina Osasuna zer den ikusi behar da, eta lehen garaipena lortu behar dugu».

Aurkariari dagokionez, Flañok ez zion gehiegizko garrantzirik eman Racingek jokatutako UEFAko norgehiagokari, halere, «astelehenetik partida hau dugu gogoan» aitortu zuen. «Zentratuta etorriko dira, beraiek ere irabazi nahi dutelako –Osasunaren egoera berberean daude zuri-berdeak– eta oso talde indartsua daukate», gogorarazi zuen.

Partidaren prestakuntza gaur amaituko du talde nafarrak, atzo oso saio arina egin eta gero. Zigandak izango dituen hutsune bakarrak, Krutxaga, Monreal, Ezquerro eta Margairaz dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo