GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Nafarroako finala

Floren Nazabali aurre egitea da gainerakoen ilusioa

Larretxea, Mindegia, Lopez eta Senosiain I.a ere Etxarriko finalean izango dira.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko dute bihar Etxarri Aranatzen, 12.00etatik aurrera, pilotalekuan. Bertan, orain dela bi aste jokatu zuten kanporaketako bost onenak neurtuko dira herrialdeko txapela jantzi nahian.

Honako aizkolari hauek izango dira nor baino nor: Nazabal, Larretxea, Mindegia, Lopez eta Senosian I.a. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.

Floren Nazabal: Etxarrikoa da, dudarik gabe, garaipena erdiesteko faborito nagusia. Bera da egungo txapelduna, eta berea izan zen kanporaketako denborarik onena. Zerbait gertatu ezean, zaila izango zaie gainerakoei berari garaipena kentzea.

Donato Larretxea: Bera izan liteke Nazabalen aurkaririk gogorrena. Euskal Herriko Txapelketak utziak ditu, eta lehiaketa ofizialak irabazteko duen aukera bakarra da honakoa. Donato beti izaten da aizkolari arriskutsua, eta Nazabalek adi ibili beharko du berarekin.

Miel Mindegia: Ezkurrako aizkolari beteranoak hor jarraitzen du. Urteak asko izan arren, erakusten duen maila ere ez makala, eta saiatuko da lan on bat egiten. Beste biei aurre egitea ez du lan samurra izango, baina haiek huts egiten badute, prest egongo da aurrea hartzeko.

Juanjo Lopez: Sasoi bikainean dabil aizkolari hau. Orain dela bi urte Euskal Herriko Lehen Mailara igotzea lortu zuenetik, bere mailarik onena eman du, eta honek ere beste hirurekin borrokan ibili beharko luke. Bolada onean dago, eta bere izena ere kontuan hartu beharrekoa da.

Antonio Senosiain: Olaguekoak lan zaila izango du. Maila handia du, baina prestakuntza ez da besteen parekoa. Bere helburua finalean izatea zen, eta orain ahalik eta lanik onena egitea izango da bere helburu nagusia.

Harri-zulatzea

Harri-zulatzen, berriz, Bakarkako finala jokatuko dute gaur 13.00etatik aurrera Ortuellako Ortxataga plazan. Bertarako hiru kanporaketa egin zituzten, eta hamar markarik onenak lortu zituzten kirolariek eskuratu ahal izan dute txartela.

Honako hauek izango dira nor baino nor: Isuskiza, Murueta, Serrano, Hidalgo, Berridi, De la Concepcion, F. Garcia, Gutierrez, J. Garcia eta Aurrekoetxea. Kirolari bakoitzak hogei minutu izango ditu lanean aritzeko, eta tarte horretan zulorik gehien egiten dituen zulatzaileak eramango du garaipena, baita txapela ere.

Faboritoak aipatzerakoan, Isuzkiza aipatu beharra dago. Kanporaketetan berea izan da markarik onena, eta besteen gainetik gainera. Izan ere, 7 zulo eta 4 zentimetro egin zituen. Bera izan zen, gainera, zazpi zulotara heldu den bakarra, beste inork ez baitu lortu sei zulotara ere heltzea. Bigarren postuan Murueta geratu zen, 5 zulo eta 9 zentimetro egin zituela.

Isuzkiza Jaizubia taldekoa da, eta denboraldi bikaina ari dira egiten, Liga ere beraiek irabazi baitzuten. Binakakoan ere faborito izan arren, ezin izan zuten garaipena erdietsi, eta gaurkoan kanporaketetan erakutsitakoa erakusteko prest agertuko da Hondarribikoa.

Euskal Herriko finalak ez dauka jokatzeko lekurik

Euskal Herriko aizkolarien finalak jokatzeko egunik eta lekurik ez du oraindik. Kanporaketa pasa den abuztuan izan zen Araian, baina, orain, finala noiz eta non jokatuko den inork ez daki. Urtez urte Hego Euskal Herriko herrialde batek antolatzen du, eta aurten Arabari egokitu zaio antolatzea, baina finala jokatzeko lekurik topatu ezinik jarraitzen dute.

Normalean urrian jokatu izan dute Txapelketa hau, baina aurten, mirariren bat gertatu ezean, beste hileren batean izan beharko du, nahiz eta aizkolariak ere urduritzen hasiak diren, urteko lehiaketarik handiena noiz izango den ez dakitela-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo