GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Biarritzi urduritasuna eta presak agertu zaizkio


Jon LEUNDA | BAIONA

Talde handi batean gauzak behar bezain ongi ez doazenean, berehala agertzen dira urduritasunak eta presak, eta horixe ari da gertatzen Biarritzen. Zuri-gorriak hasi, ongi hasi ziren, baina azkeneko bi jardunaldietan jasandako porrotek, eta batez ere, emandako itxura kaskarrak urduritasun handia ekarri diete taldeko zaleei, baita zuzendaritzako kideei.

Izan ere, pasa den urtekoa ez du inork ahaztu, azken hamarkadako denboraldirik kaskarrena egin zuten, eta inork ez du nahi aurten ordukoa errepikatzerik. Hori dela-eta, zurrumurruak ere asko izan dira, eta horien artean, sarri aipatu dira taldeko bi entrenatzaileen izenak, Delmas eta Isaak. Gaur galduz gero, badirudi kinka larrian gera daitezkeela.

Zuri-gorriek etxean jokatuko dute 14.30etik aurrera, eta Montpellier hartuko dute. Datorren asteburuan Europako lehiaketak hasiko dira, eta garrantzitsua da Ligako eten horren aurretik garaipen bat erdiestea, horrek Heineken Koparen atarian lasaitasun apur bat ekarriko bailieke euskaldunei.

Auzoko taldean, Baionan, alegia, gauzak beste era batetara bizi dituzte. Zuri-urdinek ametsetako Liga hasiera izan dute, eta sailkapeneko bigarren postuan kokatuta daude. Horretaz gain, emandako itxura ere oso ona izan da, eta horrek zaleen ilusioa piztu du.

Gaur ez dute Lapurditik asko aldendu beharko, Akizen jokatuko baitute bertako taldearen aurka, 20.30etik aurrera. Landesekoak mailari eusteko borrokan jarri dute helburua, baina partida hauek oso arriskutsuak izaten dira. Hala ere, euskaldunak ez dira bakarrik izango, harmailetan zale asko izango baitituzte babesten.

Ohorezko Maila

Ohorezko Mailan, Getxo Arteak gaur jokatuko du norgehiagoka. Bizkaitarrek oso partida zaila izango dute El Salvadorren zelaian. Horitxoek ez dute denboraldia gaizki hasi, baina Liga irabazteko faborito nagusietako baten aurka jokatuko dute gaur. Neurketa 17.30ean hasiko da.

Etxean arituko den bakarra, Pegamo Bera Bera izango da. Donostiarrak La Vila taldearen aurka arituko dira bihar 12.00etatik aurrera, Anoetako estadio txikian. Ampo Ordiziak ere bihar jokatuko du 12.00etatik aitzina, baina goierritarrek Sevillan jokatuko dute Cajasol Cienciasen aurka. Arañaren mutilek orain arteko partida guztietan beti lortu izan dute punturen bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo