GARA > Idatzia > > Mundua

Gobernua berritu du Brownek, «erronka ekonomiko berriei» aurre egiteko

p027_f01_148x108.jpg

GARA |

Aldez aurretik iragarrita zegoen bezala, Gordon Brown lehen ministroak aldaketak egin ditu Gobernu britainiarrean. Krisiari eta inkestei buelta emateko, aurpegi ezagun batzuk berreskuratu ditu. Horietako bat Peter Mandelson da. Bruselan, Europako Batzordean Merkataritzako komisario izan da orain arte. Aurrerantzean, Negozio eta Enpresa ministroa izango da.

Eskarmentu handikoa da. Horixe bera nabarmendu zuen atzo Brownek haren izendapena iragartzean. «Mandelsonen esperientzia konpara ezina da», plazaratu zuen.

Tony Blairren gobernuarekin bitan izan zen ministro, eta bietan kargua utzi behar izan zuen, ustelkeria leporatu ziotelako.

Merkataritza eta Industriako ministro gisa, 1998an, hamar hilabete besterik ez zuen iraun. Bere taldekide Geoffrey Robinsonek interesik gabeko mailegu pertsonala eskaini ziola jakitera eman zenean, dimisioa aurkeztu zuen. Dena den, aldi labur baterako baino ez zen aldendu. Urtebeteren buruan Blairren konfiantza bereganatu zuen.

Aski ezaguna da Mandelson eta Blairren arteko harreman estua. Laboristen buruzagi berria hautatu behar zutela-eta, 1994an, Brownen ordez, Blairren alde bozkatu zuen alderdiaren barne hauteskundeetan.

Irlandako iparralderako ministro izendatu zuen 1999an, eta, beste behin ere, kargua utzi behar izan zuen, Indiako enpresa gizon Srichand Hindujari pasaporte britainiarra emateko prozesuaren gainean gezurra esan zuela-eta, nahiz eta ondoren egin zen ikerketak errugabetzat jo zuen. Aurreraxeago, 2001eko hauteskunde orokorretan, Ingalaterrako iparraldeko Hartlepooleko barrutiko legebiltzarkide aukeratu zuten. Gero, 2004an, Bruselarako jauzia eman zuen.

Ministro aldaketa ugari

Orain, Mandelsonek hautatu du «erronka ekonomiko berriei» aurre egiteko. Bere izendapenarekin, merkataritza librearen aldeko apustua egin duela adierazi dute analistek.

«Nazioaren interesaren mesedetan erabaki egokia hartu dut. Izendapenarekin biok iraganean izan ditugun desadostasunak atzean utzi ditugu», helarazi zuen Brownek.

Orain arteko Negozio eta Enpresa ministro John Hutton Defentsaren arduradun berria izango da, eta kargu hori betetzen zuen Des Brownek Gobernua utziko du.

Aldaketekin jarraituz, Geoff Hoon, talde legebiltzarkidearen diziplina arduraduna, Garraiobideen ministro berria izango da. Pasa den astean, Ruth Kellyk ardura hori utzi zuen seme-alabekin denbora gehiago egon nahi zuela argudiatuta. Azkenik, Ed Miliband, atzora arte Lehendakaritzako ministroa, Energia eta Ingurugiroaz arduratuko da.

Era berean, Nazio mailako Kontseilu Ekonomikoaren sorrera iragarri zuen. Krisi garaietarako izango da batik bat.

«Garai zailetan talde gisa jokatu nahi dugu. Gure funtsezko helburua jendeak zailtasunak gainditzea da. Munduak dituen zailtasunak gainditzeko Britainia Handiak lidergoa izan dezakeela ere erakutsi nahi dugu», adierazi zuen Brownek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo