Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak, bigarrenean, plan zalantzagarria onartu du
Oraingoan bai. Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak onartu egin zuen atzo, Senatuaren ondoren, erreskate plana delakoa. Lehenbiziko bozketan errepublikar gehienek eta demokrata askok atzera bota zuten, segur asko, hauteskundeak hilabete barru direla-eta, boto-emaileei begira. Atzo, ordea, behin herritar arruntei keinu eginda, kontuan hartu izan balituzte bezala, erakutsi zuten beren interesek norenekin bat egiten duten.
Bush Administrazioaren plan hori, demokratekin adostutakoa, ez da finantza-espekulazioari mugak jartzeko egitasmoa, ezta gehienen lepotik bakan batzuen oparotasuna trinkotzen duen sistema ekonomikoa aldatzeko saioa ere; aitzitik, diru publikoaren bidez lehengora itzultzeko saioa da. Nolanahi ere, Senatuan eta azkenik Ordezkarien Ganberan onartu duten arren, eszeptizismoa da nagusi, eta ez motiborik gabe. Izan ere, lehenik ikusteko dago eraginkortasunik izango duen eta, bigarrenik, oso epe laburrerako konponbidea ematen du. Badaezpada ere, George W. Bushek plana onartu ondoren esan zuen haren eragina ez dela zenbait hilabete barru arte nabarituko. Bera AEBetako presidente ez denean, hain zuzen.