GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Zazpi hitz zazpigarren urteburuan

Pakistan ere, Afganistan bailitzan, inbaditzea izan daitekeela aterabidea pentsa dezake norbaitek. Ez seguru asko Carleton- Smithek

Tolesgabea baino gehixeago, ahobero samarraren menta ere baduen arren esaleak, behingoz inori ez zaio Carleton-Smith jeneralaren ateraldi xelebreetako bat iruditu. Testuinguruagatik, agian: AEBek Afganistan inbaditu zuteneko zazpigarren urteurrena betetzen denean, «The Sunday Times»en milioitik gora aletan errepikatuta. Landuegia delako bat-batekoa izateko, agian: zazpi hitz zazpigarren urtemugarako. We're not going to win this war. Nola euskaratuko genuke hori? Ez goaz gerra hau irabaztera? Ez gara gerra hau irabazten ari? Ez dugu gerra hau irabaziko?

Hori gutxienekoa da, niretzat behintzat. Apustu egingo bainuke Afganistanen britainiar okupatzaileen buru den Mark Alexander Popham Carleton-Smith brigada jeneralak ez dituela horrelakoak aldez aurretik inori ezer esan gabe botatzen. Metropolian dituen agintari militar eta politikoei, demagun; bestela, honezkero agintea kendu eta etxera bidalia zutelako; eta ez da horren aztarnarik. Edota Afganistanen bertan lankide dituen estatubatuarrei ezer iragarri gabe; baina ez dut uste Petraeus iritsi berriak errieta egingo zionik... esapidearen asmatzaile ez bada hura bera izan!

Zazpi hitzeko epitafio horren ondotik Carleton-Smith jeneralak jaulki dituen guzti-guztiek (Afganistanen insurgentzia «tamaina maneiagarri» batera mugatzea dela gaur-gaurkoz helburu posible bakarra; talibanekiko negoziaketa politikoak komenigarri izan daitezkeela...) argiegi gogorarazten baitute Petraeusek azken hemezortzi hilabete hauetan Iraken jarraitu duen ildoa: irabazi ezingo dena irabazten saiatzea da porrot egiteko modurik aproposena.

Beraz, Mendebaldeko zenturioientzat Clausewitz atzekoz aurrera irakurtzeko ordua iritsi da: politika da gerraren jarraibidea, beste bitarteko batzuekin. Menderatu ezin dena erosten saiatu beharra dago. Irabazpiderik gabeko gerretan xahutzen ari direnaren erdiarekin asko eros daiteke, zinez. Eta dirua aurreztea ez da huskeria krisi garaiotan.

Arazoa da, latza gainera, Afganistanek duela zazpi urteko leku berean jarraitzen duela. Asia erdi-erdian. Pakistanen ipar-mendebaldean. Eta orduan bezala, bere inguruko herrialde guztien bilakaerarekin erabat katramilatuta daudela orain ere Afganistango gorabeherak. Inoiz baino katramilatuago, Pakistanen kasuan, bien arteko muga (?) gero eta oldartuagoak frogatzen duenez.

Zazpi urte hauetan eskualdeko potentzia islamiar nagusia, arma atomikoen jabea, desegituratuz joan da, demokraziaz mozorrotutako diktadura militarra izatetik demokraziaz mozorrotutako kaosa izatera iristeko. Inork ez du itxaropenik Zardari ustelarengan... Afganistanen Karzai txotxongiloarengandik inork deus espero ez duen bezala. Eta hurrengo zirrara (magnizidoa, sarraskia) non eta noiz izango den igartzea da Pakistanera begiratzen dugun guztion entretenimendu bakarra.

Pakistan ere, Afganistan bailitzan, inbaditzea izan daitekeela aterabidea pentsa dezake norbaitek. Ez seguruenik Carleton-Smithek: uniformez eta izarrez inguratuta jaiotakoa da, eta etxean bertan jakinaraziko zioten zein negozio eskasa zen hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo