GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Begoñe Agirre, Ana Mezo eta Arantza Urkaregi Ezker abertzaleko Bizkaiko batzarkide-taldearen izenean

Bestelako Bizkaia eraikitzeko politika eginez

Kontua ez da ez dugula politika egiten, baizik eta egiten dugun politikak PNVk bultzatzen duen Bizkairako politikarekin talka egiten duela, hain zuzen, gutxi batzuen interesei begiratu ordez bizkaitar gehienen arazoei aurre egiteko bideratuta dagoelako

Bizkaiko PNVk erabaki omen du ez duela ezker abertzaleak Batzar Nagusietan aurkezturiko proposamenik eztabaidatuko, «ezker abertzaleak politika egin arte».

Erabaki hori hartu du PNVk, Bizkaiko Batzar Nagusiek Politika Orokorreko Osoko Bilkura egin eta gero. Bertan, ezker abertzaleak egindako interbentzioak agerian utzi zuen PNV eraikitzen ari den Bizkaia gutxi batzuen mesedetara zuzenduta dagoela. Eta hori da PNVko batzarkideei min egin ziena, hain zuzen, ezker abertzaleak Bizkaiari begira eramaten duen politika.

Krisi ekonomikoaren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako proposamenak salatu genituen, enpresei begirakoak baitira eta ez baitituzte kontuan hartzen krisiaren ondorioak benetan pairatzen dituztenak, hots, langileak eta herri sektoreak. Jose Luis Bilbaok esandakoaren kontra, presio fiskala handitu behar dela defendatu genuen, baina era progresiboan, gehien duenak gehiago ordain dezan, eta ez orain bezala, langileen atxikipen fiskalak gora egin dutenean eta sozietateen zergen bidez bildutakoak behera.

Jose Luis Bilbaok BBK eta Kutxaren arteko bat egitea defendatzen zuen bitartean, BBK-k bere Obra Soziala deuseztatzeko eramaten duen politika salatu genuen, horren adibide garbia Reina de la Paz egoitza ixteko erabakia izanik.

PNV eraikitzen ari den porlanaren Bizkaiaren kontra agertu ginen, ingurunea deuseztatzen ari direlako. AHT, SuperSur, Hegoaldeko Tren Saihesbidea... eta orain Bizkaian krisialdiari erantzuteko errepide berri gehiago egitea planteatzen dute. Azpiegitura guzti hauen ondorioz, bizkaitarren hurrengo belaunaldiei herrialdea erabat zulatuta utziko die Foru Aldundiak.

Krisialdiari eta mugikortasunaren arazoari eman beharreko erantzuna garraio publikoaren sustapena eta, batez ere, horien bidaien salneurrien merkatzean oinarritu behar dela azaldu genuen, hain zuzen, Foru Aldundiak egiten ari den politikaren kontra.

Bizkaiko Foru Aldundiak a golpe de ladrillo funtzionatzen duela ere salatu genuen, hirigintza espekulatiboa eta jasanezina bultzatuz. Adibide garbia Bakiokoa dugu, negozioa eta gutxi batzuen interesak lehenetsiz, herritarren interes orokorraren eta ingurumenaren kaltetan. Oiaga bezalako parajean 248 etxebizitza libre eta golf zelai bat eraiki nahi ditu PNVko alkateak, herritarren kezka eta mobilizazioei oso ohikoa duten harrokeriaz eta prepotentziaz erantzunez.

Azkenaldian Arratiako zein Durangaldeko PTP delakoaren prozeduretan herritarren informaziorako, iritziak agertzeko zein erabakitzeko eskubideak urratu dira herritarren, udalen eta elkarteen aldetik alegazio epealdia luzatzeko eskariei muzin eginez. Hau omen da PNVk proposatzen duen herritarren iritzia jasotzeko bidea!

Eta zer esan Bilbao jaunaren proiektu izarra den Urdaibaiko Guggenheim, eskualdeko garapenaren aldekoa omen dena? Orain arte zenbat inbertitu du Aldundiak ikerkuntzan, industrian eta bestelako jarduera ekonomikoetan Busturialdean azken urteetan? Urdaibaik badauka garapen iraunkor orekaturako eta bere baliabide naturaletan eta sektore ezberdinetako jarduera ezberdinetan oinarrituriko alternatiba: lehenengo sektoretik abiatuta industria eraldaketa burutzea, baliabide naturalak ikertu eta ekonomia iraunkor eta solidarioan transformatzea, itsaso higiarazletik ateratako energia erabiltzeko ikerketa-zentroa gauzatzea, belaunaldi berriek nekazaritzara sarbidea izan dezaten bultzatzea... Eskualdearen aldeko proposamenak aspalditik landu dituzte ezker abertzaleak, gehiengo sindikalak eta bertako gizarteak, eta Foru Aldundiak horiek bultzatu beharko lituzke.

Bestelako Bizkaiaren aldeko politika egiten ari gara, PNVk berak jarritako oztopo guztien gainetik. Hain zuzen, PNVko batzarkideei min handia egin zien geuk egindako appartheid politikaren salaketa. Franco garaian Bilboko gobernu ordezkaritzatik izendatzen ziren alkateak, eta XXI. mendean, aldiz, Sabin Etxetik inposatzen direla leporatu genien, Ondarroan edo Mendexan gertatzen dena Lizartzan gertatzen denarekin parekatuz, herri horietako alkateak herritarren borondatearen aurka inposatuak baitira. Eta PNVk dituen kontraesanak ere azaleratu genituen; hemendik kilometro gutxira, Elduainen, Gipuzkoako Foru Aldundiak herriarekin adostu baitu gestoraren osaketa, Bizkaian, berriz, inposatu egiten dute.

Kontua ez da ez dugula politika egiten, baizik eta egiten dugun politikak PNVk bultzatzen duen Bizkairako politikarekin talka egiten duela, hain zuzen, gutxi batzuen interesei begiratu ordez bizkaitar gehienen arazoei aurre egiteko bideratuta dagoelako.

Eta orain arte egin dugun moduan, bestelako Bizkaia eraikitzen jarraituko dugu, herrietan, auzoetan eta Bizkaian dauden instituzioetan, 72.181 bozen legitimotasuna dugulako eta bizkaitarrok bestelako Bizkaia bat behar dugulako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo