GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

Saskibaloia Iurbentia Bilbao Basket

Liga hasiera onari eusteko aurkari ona bizkaitarrentzat

ViveMenorca izango da La Casilla aurten bisitatuko duen lehenengo aurkaria.

p038_f01_097x136.jpg

BILBAO BASKET-VIVEMENORCA

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Estudiantesen aurka 2008/09 denboraldiko lehenbiziko garaipena lortzeak konfiantza eman dio Iurbentia Bilbao Basket berriari. Hirugarren laurdenean batik bat, bizkaitarrek oso errotazio zabala dutela erakutsi zuten. Defentsa gogorra, eta erasoan Janis Blums letoniarraren eskumutur fina izan ziren garaipena lortzeko giltzak.

Alabaina, ACB Ligaren hasierak ez du konfiantza larregi hartuta denbora galtzeko astirik uzten eta, Madrildik Bilborako bidea eginda, gaur bertan La Casillan estreinako neurketa jokatuko dute arratsaldeko 20.30etik aurrera.

ViveMenorca izango du aurrean Txus Vidorretaren taldeak. Hasiera batean, liga hasiera onari eusteko aurkari aproposa behar du, eta bilbotarren garaipena ia ziurtzat ere jo liteke. Dena den, hobe lukete bizkaitarrek igandean Estudiantesen aurka izandako deskuidua gogoan hartzea -50-67 irabazten egotetik 70-71ra pasa zen markagailua azken laurdenean- berriro halakorik gerta ez dakien.

Amorrazioz gainezka

Ricard Casasen taldeak Tau Baskoniaren aurka 77-79 galdu zuen lehenbiziko jardunaldian, baina ez polemikarik gabe. Pooh Jeter antolatzaileak ustez denbora amaitu aurretik lortutako saskiraketa bat txartzat jo zuten epaileek -mahaiko aginduei men eginez- eta, hala, 79na berdinketa behar zuena gasteiztarren aldeko garaipen bilakatu zen, Ricard Casasek zuzentzen duen taldeko jokalarien protestei jaramonik egin gabe.

Horren harira, Iurbentia Bilbao Basketeko jokalari Paco Vazquezek Menorcakoek gaur gauean erakutsiko duten «amorrazioa» izan zuen mintzagai, eta La Casillara hurbilduko direnen «bultzada» eskatu zuen.

«Etxean jokatzen ari garela igarri behar da; zaleen bultzada sentitu behar dugu. Izan ere, talde oso gogorra da ViveMenorca. Lehenengo jardunaldian merezi gabe galdu eta gero, amorru handiagoz jokatuko dute gure kontra. Guk, berriz, geure neurketa egin behar dugu, besteei erreparatu gabe».

Madrilen talde bilbotarrak erakutsitako irregulartasunari buruz, aldiz, «aurkarien intentsitate aldaketa» azpimarratuz erantzun zuen Ibizako eskoltak, bide batez Bilbao Basket ez zela erlaxatu adieraziz.

«50-67 aurretik ginela, aldea handitu behar genuela esaten genion elkarri; inola ere ez ginela lasaitu behar. Kontua da aurkariek markagailua itzuli nahian gogor sakatu zutela azken laurdenaren hasieran. Horren ondorioz, Jasenek kirolez kontrako falta bat egin zuen eta egundoko presioa sortu zen Vistalegren. Guk berriz, beraien intentsitate aldaketa horren aurrean ez genuen erantzuten jakin, baina ezin da inola ere esan larregizko konfiantzaz jokatu genuelako hurbildu zitzaizkigula puntu bakarrera».

 
Behatz bateko minagatik Prigioni zalantzan dago

Urtero legez, lesioek ez dute Tau Baskonia bakean uzten denboraldi hasieran. Bihar gaueko 20.30etik aurrera Ricoh Manresaren aurka jokatzeko, Tiago Splitterren bajaz gain, azken ordura arte zalantzan egongo da Pablo Prigioniren parte-hartzea gasteiztarren artean. Bahia Blancako antolatzaileak ezker oineko behatz batean «artritis traumatiko» bat nozitu ei zuen ligako aurreneko jardunaldian.

Hala, Prigioni jokatu ezinik geratuko balitz, Ivanovicek Mustapha Shakurri minutuak eman beharko dizkio. Bestalde, Sergi Vidal edo Rakocevic gai dira antolatzaile postuan jokatzeko. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo